IKUS-ENTZUN

“Varda by Agnès” filmak itxiko du gaur, Iruñeko Nazioarteko Emakumeen Erakustaldia

Varda by Agnès (2019), Agnès Varda zinemagile frantsesaren dokumentalak emango dio gaur amaiera pasa den ekainaren 7tik Iruñean egiten ari den 33. Zinema eta Nazioarteko Emakumeen Erakustaldi zikloari.

Antolatzaileek aurtengo Berlingo Zinemaldiko palmaresa izan den bi pase iragarri dituzte Golem Zinema Aretoan: goizeko 11:00etan lehena, eta 20:00etan bigarrena. Ondoren, Begoña Del Teso, kazetari eta zinema kritikariarekin solasaldia egonda da.

Pasa den martxoan zendu baino lehen pantailara eraman duen bere azken ekarpena eta  ikasgaia da Varda by Agnès dokumentala. Bertan, bere biografia artistikoaren errepasoa egiten du, Parisko Rue Daguerretik Los Angelesera, edo Pekinera bidaiatuz. Pantailan kontatzen duenez, bere ibilbidean zinema egiteko hiru zutabeak esperimentatu ditu: “inspirazioa, sorkuntza eta emaitza partekatzea”.

Agnès Varda, iragan martxoaren 29an zendu zen, eta berrogei pieza baino gehiago egin zituen dokumental eta film laburren artean. Gainera, argazkilaria, bideo-instalatzailea izan da eta Nouvelle Vague estiloaren aitzindari izan da. Emakumeen edota zinema feministaren aitzindari, bere obrak errealista eta sozialak ez ezik, esperimentalak ere badira.

Ziklo honetan eman dituzten film eta dokumentalen artean izan dira: Ekhiñe Etxeberria nafar zinegilearen Mikele (2018); Rohena Geraren, Sir (2018) ekoizpen indiar-frantsesa; Nora Twomey irlandarraren El pan de la guerra (2017); Desiree Akhavan estatu batuarraren La (des)educación de Cameron Post(2018); edota Mariona Guiu eta Ariadna Relearen Singled (out) (2017), Turkia eta Espainiako ekoizpena. Eta zikloan, laburren atalean, beste 5 film labur eman dituzte. Bertan, Marisa Benito, Sara Fantova, Celia Galán eta Marta Aledoren laburrak proiektatu dira.

IPES eta Golem Zinema elkarteek antolatutako Iruñeko Nazioarteko Emakumeen Erakustaldia 1987an sortu zen, helburu zehatz batzuekin: nazionalitate guztietako zinegileen lanak erakusteko plataforma izatea eta emakumeen ordezkaritza genero-ikuspegitik aztertzea.

Urte hauetan zehar 400 pelikula baino gehiago eman dituzte eta 120 gonbidatuk parte hartu dute ondorengo solasaldietan, eta “euren presentziaz eta euren iritziei esker, eztabaida eta hausnarketa-gune bat egitea ahalbidetu dugu urte hauetan zehar, Iruñeko Nazioarteko Emakumeen Erakustaldi zikloa, gizarte justuagoa sortzeko ezinbesteko tresna eta bitarteko bilakatuz”.

Informazio osoa eta xehetasun guztiak (gaztelaniaz), hemen.    

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button