MUSIKA

Liot taldeak “Haizeak eraman gaitzala” izenburuko lana plazaratu du

Liot Oreretan eratutako taldea da; oraintsu, Haizeak eraman gaitzala izenburuko lana plazaratu du, zeina Durangoko Azokan aurkeztuko duen. Horrekin batera, azaroaren amaieran bira abiatuko dute grabazio berri hori aurkezteko asmoz. Taldeak intentsitate handiko post-hardcore-a jotzen du, metal erritmoei ere leku egiten dio laukote gipuzkoarrak, melodiak ahaztu gabe.

Asier (bateria), Unai (gitarra), Apala (ahotsa) eta Etxepe (baxua) dira Liot abiatu duten taldekideak. Diskoa, bestalde, Alvaro Remachak grabatu eta ekoitzi du Andoainen, udaberri eta uda bitarte. Diskoak intentsitate handiko bost doinu biltzen ditu, muturreko erritmoekin eta melodiekin onduak.

Taldearen arabera, “Oreretakoa. Zamalbide auzokoa dugu gure kobazuloa, eta bertako atmosfera hezean hertsitu dira gure abestiak, izerdi eta sormenaren artean. Saia baten hegaldi obsesiboa bezala konposatu dira diska osatzen duten 5 abestiak, mantso, biraka, uhin korronteak lagunduta, mehatxuan, ezerezari begira egon gabe. Desira baten isla izango da gure lehenengo EP berria azaroan kaleratzea, errepidean jartzearekin batera. Odola berotzen hasi zaigu, zuzenetako azken arnasak sortzen duen zirrara sentitzeko irrikan”.

Diskoaren lehenengo aurkezpen-kontzertua azaroaren 25ean egingo dute Oreretakoek, San Pedron; abenduaren 1ean, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean izango dira; 7an, Durangoko Ahotsenea gunean; urtarrilaren 27an, Irungo Lakaxita gaztetxean; eta, amaitzeko, otsailaren 3an, Sopelako Plaza Beltza Kultur Etxean.

Informazio gehiago: liot-taldea.bandcamp.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button