ESZENA

Ireki da aurtengo ADEL topaketetan izena emateko epea

ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL), arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea da, eta aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea izan ohi da. Aurten, apirilaren 1etik 6ra izango da, betiko tokian, Aulestin.

“Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, 6 irakasleren tailerrak prestatu ditugu.”

Parte hartuko duten adituak honako hauek dituzue: Ainhoa Alberdi aktorea, sortzailea, eta dantzaria Ikusiezinaren Dantza (Butoh) tailerraz arduratako da. “Gorputzaren iluntasunera bidaiatuko dugu, bertan ezkutatzen diren bizitza zatiak, zelulen memorian gordetzen dugun dantza galdua, umetokiaren barnean ikasi genuen jatorrizko dantza…entzuteko”.
Amaia Bono Arte Dramatikoko ikasketekin, Praktika Eszenikoa eta Kultura Bisuala Masterra, Generoan eta Ikasketa Kulturaletan aditua Hitzen Boterea arloa kudeatuko du: “Itzulpena kontzeptu mobilizatzaile gisa eta hitzak irudimenaren zerbitzura jartzea izango dira tailer honen motorra. Zentzumenak irekitzeko moduak bilatuko ditugu, begirada arintzeko, sorkuntza eszenikorako estrategiak aurkitzeko, materialak sortzeko eta ikerketa- prozesuetan murgiltzeko”.
Amaia Lizarraldek web-sailak, antzezlanak eta mikro-antzerkiak sortu, idatzi, ekoiztu, zuzendu eta interpretatu ditu. Berak Irudimenarekin jolasean izeneko tailerra emango du: “honen helburua Txekhoven teknikaren ariketarik interesgarrienak ezagutzea da: energia, kontzentrazioa, gorputz eta irudimen ariketak. Ondoren gure pertsonaien sorkuntza eta eraikuntzetan erraztasunez aplikatzeko”.
Iñaki Ziarrusta Bilboko antzerki sortzaile, zuzendari, aktore, eszenografo, teknikari eta ekoizleak Psikologia eta antzerkia ikastaroaz arduratuko da: “Sortzeko prozesuan oso ohikoa da gure bildurrakaz aurrez-aurre topo egitea, frustrazinoak, autoestima arazoak, blokeoak, segurtasun ezak eta orokorrean emozioen kudeaketeagaz zerikusia dauan panorama oso bat”. Kepa Errasti aktoreak Sormenaren Bila saioa egingo du: “Gauza bera kontatzeko hamaika modu daude eta denak dira balizkoak, beti ere, gure kontakizuna plazaratu arazten digun barneko harra benetakoa bada. Norberagandik abiatuta eta egia bilatzeko ariketetan oinarrituta, gure barruko kontalaria aurkitzen saiatuko gara”.
Azkenik, Ander Lipusek Labirintoan Jolasean saioa egingo du: Ikastaroan zehar aktorearentzako teknika ezberdinen ezagutzan sakonduko dugu. Alde teknikoak jorratu ondoren alde poetikora pasatuko gara. Inprobisazioak eta ekintza txikien sorkuntzak hartuko dute garrantzia ikastaroaren bigarren partean. Antzerkiaren labirintoan murgiltzeko prest?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button