MUSIKA

Audience taldearen islak

Gernikako Audience taldeak Isla (Bidehuts) izenburuko diskoa aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Kuban grabatutako diskoa da, hango musikarien ekarpenarekin, eta ukitu latinoa nabarmena izangatik ere, askotariko kantuak biltzen ditu. “Sekulako erronka izan da diskoaren ordena zehaztea, askotariko kantuak egon ez ezik, hiru hizkuntza eta kantu instrumentalak ere biltzen baititu”, azaldu du Gaizka abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Aniztasun eta zailtasun  horren ondorioz, diskoa “bidaia” baten antzera antolatu dute. “Hasiera oso Audience da, eta erdi partean kutsu latindarra nagusitzen da, grabazioaren amaieran, Audiencen estilora bueltatzeko”. Hala, diskoak alde latindarra eta ohiko kutsu country-a ez ezik, bestelako sonoritateak ere haizatzen ditu, klasikoagoak; esaterako, Seeds will grow forever kantuan AEBetako 1980ko hamarkadako rock independentearen zantzuak nabaritzen dira, eta This wild town-ek Bowieren oihartzunak zabaltzen ditu.

Proiektu kubatar honen jatorria duela zazpi urte erein zen, A Shake In Calm Water grabatu zutenean Kaki Arkarazorekin. Ekoizleak jada Kuban grabatuak zituen Calexico eta Amparanoiaren diskoak, eta gernikarrei komentatu zien musikari egokiak  bazirela La Habanan disko bat grabatzeko. Kakik, gainera, Matxitxaren kontaktua zuen Kuban: hamabost urte daramatza bertan bizitzen eta, besteak beste, Negu Gorriaken eta Itoizen managerra izan zen. Hala, Jai Alai Blues egitasmoa amaitu ostean, Audience buru-belarri sartu zen “proiektu potolo” honetan, Kaki alboan zutela.

“Matxitxa giltzarria izan da prozesu honetan, gure gizona izan da Habanan. Berak kudeatu ditu estudio,  bertako musikarien kolaborazioak, eta abar. Izan ere, lehen mailako musikariak lortu zituen”, azpimarratu du Gaizkak. Hala, diskoan parte hartu duten musikari kubatarren artean Yaroldy Abreu Robles perkusionista dago, Chucho Valdesekin aritzen dena eta 200  diskotan parte hartu duena. Horrekin batera, Audience bi taldekide berrirekin aritu da Kuban, aipatutako Jai Alai Blues proiektuaren ostean, Hannot eta Mikel taldekideek taldea utzia baitzuten. Haien ordez, Ruben Garatea (akordeoia, gitarra…) eta Mariana Perez (bateria) izan dira Kuban. “Lurrikara bat izan da taldearen funtzionamenduarentzat, oso talde egonkorra izan baikara hasieratik; halere, berrindartuta atera gara”. Egun, gainera, Marianak bateria utzi behar izan du Madrilera doalako bizitzera, eta haren ordez Ander Merino Elorza lekeitiarra arituko da zuzenekoetan baketak astintzen.

Zuzenekoen harira, ondoko datak iragarri dituzte: azaroaren 4an aurkeztuko du Audiencek Isla Gernikako Lizeo aretoan. Gero, 9an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira; 10ean, Bartzelonako EH Sonan; 30ean, Gasteizko Jimmy Jazzen; eta abenduaren 8an, Durangoko Plateruenan.

Inoiz baino euskara gehiago

Euskarak inoiz baino presentzia gehiago du Audiencen lan honetan, euskaraz abestutako hiru kantu baitaude, eta ingelesez abestutako bitan euskarara ere jotzen dute kantuek amaieran. “Esfortzua egin dut euskaraz abesteko eta arriskatu ere egin naiz, ingelesez abesteak babestu egiten baitzaitu ikus-entzuleen aurrean”.

Izenburua ere euskaraz uler daiteke, esanahi bikoitza duen arren: gaztelaniaz irla aipatzen du, Kubako kutsuaren aldera. Azalak, bestalde, giro ilunak erakusten ditu eta urak eragindako isla bat erakusten du. “Gogoeta sakon baten ondorioz etorritako hautua da azalarena, kontrastea bilatzen genuen; ez da erabaki arina izan”, azaldu du Agerrek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button