MUSIKA

Quantic, Rocky Dawuni eta Qumi Portet, Elorrioko Musikaire jaialdian

Elorrioko Musikaire jaialdia ostiralean hasiko da, Noctis Labyrinthus ikus-entzunezko erakusketarekin, zeinak Segun Lazkanoren  Ero, Txelu Angoitiaren Angst eta J.M. Arruabarrenaren Moo biltzen dituen. Angoitiak eta Arruabarrenak, gainera, hainbat idazleren  testuak irakurriko dituzte, Fran Lasuen musikariarekin lagunduta. Jaialdia uztailera bitarte zabalduko da.

Kontzertuen harira, batzuk baino ez ditugu nabarmenduko, egitaraua askotarikoa eta oso interesgarria den arren. Esaterako, uztailaren 8an, Quantic & His orchestra taldeak joko du plazan. Will Holland ingelesak zuzendutako bandak soul, funk eta antzeko estilo dantzagarriak erritmo tropikalekin uztartzen ditu maisutasunez. “(Holland) DJa, ekoizlea eta instrumentu anitzeko musikaria da. Gitarra, baxua, kontrabaxua, pianoa, organoa, saxofoia eta perkusio-tresnak jotzen ditu. Makina bat genero aztertu izan du, hala nola, funka, afrobeata, saltsa, jazza, reggaea, bossa nova eta musika elektronikoa”.

Uztailaren 9an, reggae eta afrobeat musika zabalduko du Rocky Dawuni musikari afrikarrak, egun Los Angeles hirian bizi den arren. “Rocky Dawuniren abestiek reggaearen, afrobeataren eta pop orokorraren osagaiak nahasten dituzte, eta soinu erakargarri horrek muga musikal anitz zeharkatzen ditu Afrikan, Karibean eta AEBn, belaunaldiak eta kulturak bat egiten dutelarik”.

Uztailaren 29an, El Último de la Fila banda katalan arrakastatsuko taldekide ohi Quimi Portet-ek joko du Tola Jauregian. “Haren musika-estiloa askotarikoa da, eta abestien hitzak Pau Riba, Jaume Sisa, Albert Pla, Joan Miquel Oliver edo Adrià Puntí kantautore katalanenak dira, surrealistak eta lotsagabeak”.

Horretaz gainera, honakoak ikusteko aukera ere izango da, besteak beste: Abou Diarra musikari maliarra, La Maravillosa Orquesta del Alcohol bandaren folk-punk doinuak, Izaki Gardenak euskal taldearen kontzertua; Audience gernikarrek Jai Alai Blues ikuskizuna aurkeztuko dute; Mikroantzerkia, zirku-antzerkia, dantza garaikidea; edo Jesús Herrera dantzari flamenkoaren Dantzari lana.

Egitarau osoa: musikaire.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button