IKUS-ENTZUN

Jonas Mekas zinegileari buruzko mintegia, Bilbaoarten

Bilboko Bilbaoarte zentroan Jonas Mekas (Seminienski, 1922) zinegilearen inguruko mintegia egingo dute apirilaren 8an eta 9an. Mekasen pelikulen Espainiako editorea den Manuel Asinek emango du mintegia.

Jaiotzaz lituaniarra, Mekasek 1949an emigratu zuen AEBetara. Herrialde horretako zine esperimentalaren ordezkari nagusienetakoa da. 1958az geroztik, zine kritikak idatzi ditu Village Voice aldizkarian, eta Lituaniako poeta ospetsuenetakoa ere bada.

60ko hamarkadan harreman estua izan zuen New York hiriko zine esperimentalaren eszenarekin eta pop-art mugimendu artistikoarekin. Garai hartan, Andy Warhol, Nico, Allen Ginsberg, Yoko Ono, John Lennon eta Salvador Dali artistekin egin zuen lan. 1962an, The Film Makers izeneko kooperatiba eratu zuen, eta 1970ean, berriz, Anthology Film Archives artxibategia.

Hainbat film narratibo egin baditu ere, zinegile lituaniarra  ezaguna da bere lan esperimentalagatik. Film horiek egunerokotasunean txeratuta daude. Walden (1969), Reminiscences of a Journey to Lithuania (1972), Lost, Lost, Lost (1975), eta Zefiro Torna (1992) dira filmatu dituen lan esanguratsuenak.

Oraindik lanean jarraitzen. Esaterako, 2001ean, As I Was Moving Ahead, Occasionally I Saw Brief Glimpses of Beauty bost orduko pelikula-egunkaria egin zuen, eta 2007an, halaber, 365 film labur egin zituen, egunean bat, gero internet bidez zabaltzeko.

Mintegia zuzenduko duen Manuel Asin-i dagokionez, Intermedio DVD-ko zuzendari editoriala da, eta makina bat hedabidetan idatzi ditu artikuluak. Horretaz gainera, hainbat programazio ziklo ondu ditu, Zinebi, Xcèntric-CCCB eta Círculo de Bellas Artes de Madrid-en, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button