MUSIKA

Asteburu honetan amaituko da Iruñean “Urtarrijazz” programa

Asteburu honetan amaituko da Iruñean jazz onena bildu duen Urtarrijazz programa. Aurreko egunetako kontzertuetan Zugardi Rag Band, Juanma Urriza Laukotea, Mikel Andueza eta Javier Lopez Jaso taldeek hartu dute parte. Azken bi saioetan, Miguel Villar Quartet eta Josetxo Goia-Aribe taldeek kontzertua eskainiko dute.

Hala, bihar, hilak 29, 19:30ean, Miguel Villar Quartet taldeak Apatrida izeneko diskoaren lanak eskainiko ditu. Miguel Villarrek luxuzko laukote bat ekarriko du. Hona hemen kideak: Toni Saigi, pianista gazte bikaina; Marc Cuevas, eszenako kontrabaxu-jotzailerik sendoen eta mugituenetako bat; eta Oriol Roca, bateria-jotzaile irudimentsu eta pertsonala.
Taldeak Miguel Villarren konposiziorik freskoenak eta sakonenak jotzen ditu. Taldearen emaitza “bere ederrean ageri da zuzeneko saioetan, zirraraz, bizitasunez eta ustekabez beteriko saioak baitira, eta musikari bakoitzak konplexurik gabe eta askatasunez agertzen du bere ikuspegi musikala”.

Eta hurrengo egunean, 30ean, ordu berean, Josetxo Goia-Aribe Pablo Sarasate konpositore eta biolin-jotzaile iruindarraren bizitzaren eta obraren azterketa sakon batetik abiatuko da, Sarasateraz izenburuarekin. Hala, haren konposiziorik ezagunenetako batzuk hartu eta haien inguruko irakurketa garaikide bat egingo du musikariak. Berarekin Javier Olabarrieta (pianoa); Josemi Garzon (kontrabaxua), eta Gonzalo del Val (bateria) arituko dira.

Urtarrijazz programa zertan den hemen ikus dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button