MUSIKA

The Great Barrier, Arenna eta Rise To Fall taldeen lan berriak

Euskal Herriko The Great Barrier, Arenna eta Rise To Fall bandek lan berriak argitaratu dituzte. Bakoitza bere estiloan, aintzat hartzeko bandak dira, bai zuzenean, bai diskoan.

The Great Barrier Uribe Kosta (Bizkaia) eskualdeko seikotea da, eta Winter Greets You lana plazaratu du, autoekoizpenaren bidetik. Bandak folk kutsuko pop-rocka jotzen du. Duela bi urte inguru, Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketa irabazi zuten. Sari horren harira Nontzeberrin elkarrizketatu genuen. Elkarrizketa horretan melodien garrantzia azpimarratu zuten, eta lan berri honetan ere antzera gertatu da. Diskoa, halere, ñabardurez beteta dator.

Arenna, berriz, Gasteizko rock banda psikodelikoa da, eta iragan hilean Given to Emptiness izenburuko bigarren lana kaleratu dute, estreinako diskoa agertu eta lau urtera. Arabarrak maisuak dira stoner erritmo pisutsuak eta giro psikodelikoak uztartzen. Black Sabbath, Hawkwind, Motorpsych, Pink Floyd edo Kyuss banden ondarea buruz ikasi dute, eta lan horretatik ateratako emaitza ikusgarria da: garapen luzeko pieza atmosferiko bezain pisutsuak.

Amaitzeko, Rise To Fall bilbotarrak dira, eta duela egun batzuk haien hirugarren lana, End vs Beginning (Coroner Records) aurkeztu dute. Boskote bizkaitarrak death metal melodikoa jorratzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button