MUSIKA

Lisabö taldearen kontzertua, Elorrion

Gaur, apirilaren 5ean, 20:00etan, Lisabö taldea arituko da Elorrion, eta Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte lan berria haizatuko du betiko potentziaz.

Lisabö Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte (Bidehuts) lan berria zabaltzen ari da makina bat tokitan. Disko hau 2022ko apiril eta 2023ko iraila bitartean grabatu eta nahastu du taldeak, Karlos Osinagaren gidaritzapean. Testu guztiak Martxel Mariskalenak dira, baita itzulpenak ere, frantsesezkoak izan ezik, Rafa Rodrigok egin baititu.

Adituek honelakoak esan dituzte taldeari buruz (Ihintza Orbegozo, Berria): “Isilean lan egiten duen taldea da Lisabö, eta gaur egungo korrontearen kontra doa hori. Aurrerapen abestiak eta etengabeko iragarpen mezuetara ohituta gauden honetan, supituki disko osoa argitaratu berri du seikoteak, zazpi abestiz osaturiko lan borobila, beste behin. Martxel Mariskalen hitz paregabeei musika burrunbatsua jarriz, ohikoa duten noise eta post-rock doinuz bustiriko lana osatu dute. Ez dute inongo berrikuntzarik sartu, baina hain ongi egiten dute eurena, ez baitu aldatzen hastea merezi. Zaleok gustura hartzen dugu Lisabören esentzia purutasunean, eta buklean entzutera bultzatzen gaituen lan izugarri honek barrenak bete dizkigu berriro.”

Taldean, Eneko Aranzasti eta Sergio Gonzalez (bateriak), Xabi Zabala eta Borja Toval (baxuak), eta Karlos Osinaga eta Jabi Manterolam (gitarrak) aritzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button