MUSIKA

Don Inorrez taldearen “Esku hutsik” disko berria kalean da

Imanol Ubedak Don Inorrez egitasmoa abiatu zuen 2018an. Ibilbide sendoa egiten ari den taldea da eta horren erakusle bigarren lana da. Esku Hutsik diskoak hamar kantu trinko dakartza.

Julen Azpitartek kazetariak azaldu duenez, “doinuok borobilagoak dira aurreko laneko bertuteetan gehiago murgildu delako tolosarra, baliabide tekniko zein humanoei zuku gehiago ateratzeko asmoz. Hori guztia, gainera, lotsagabe egin du, gehienbat taldearen eskarmentua baliatuta eta kantuei ausardia handiagoarekin eutsiz, eta tarteka, klasikotasunera gerturatuz, berritasun gisa. Diskoa zabaltzen duen Barre ala negar (anti-promozio orrialdea) balentria horren isla da. Ohiko power-pop estilotik abiatuta, Phil Spector-ek 1960ko hamarkadan sinatutako soinu-hormara hurbiltzen baita, bateria errepikakorra eta koruak tarteko, Locoren soloek kantua jantzi eta urratzen duten bitartean. (…) Barre ala negar Ubedaren gailurra da, eta estudioan egindako lana itzela da.
Lehen abesti horretan aipatutako rockaren pozoia, hain justu, behin baino gehiagotan ageri da Don Inorrezen bigarren ahalegin honetan. Izan Liteke eta Chuck eta Little sustraietara luzatutako begirada primitibo eta berriaren seinale dira, biak ala biak 1980ko hamarkadako techno teklatuekin apainduak.
Haatik, urteetan Ubedaren marka izan diren kantu lasaiak ere badira hemen, eta esparru horretan diskoari izenburua ematen dion kantua nabarmentzen da, Esku hutsik -hori ere beste tontor bat da musikariaren ibilbidean-.
Ubedak erosotasun-gunetik aldentzeko desio adoretsua agertu zuela idatzi nuen Don Inorrezen estreinako ahaleginaren harira. Bada, bigarren honetan guraria erabat gauzatu du, eremu deseroso bezain lasaigarriak zapalduz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button