EZLEKUBAT

Voltaia, desertutik kostaldera

Unai Eizagirre (baxua eta ahotsa), Jon Duran (bateria) eta Ion Brankamonte (gitarra) musikariek 2014an eratu zuten Voltaia taldea Zumaian; aurretik Itaka eta Got Ham taldeetan aritutako musikariak dira. Oraintsu zazpi doinuko estreinako lan homonimoa argitaratu dute. Hirukote gipuzkoarrak desertuko stoner erritmo pisutsuak jorratzen dituzte: gitarra bihurriak eta zorrotzak eta oinarri erritmiko sendoa, bezain oldarkorra. Unairekin solastatu gara, taldearen nondik norakoak jasotzeko. 

Voltaia eratu berri den proiektua izan arren, jada diskoa grabatu duzue. Nola sortu zen taldea?

2013 abuztuan Itakarekin kontzertu bat jotzeko asmoa genuen, baina Itaka taldearen kideak aldaturik jada, Aitor Aizpurua abeslaria ez baitzegoen, formazio berriarekin abestiak ateratzen hasi ginen. Gero Iban baxu jotzaileak utzi egin gintuen, eta Unai Eizagirre hasi zen baxua jotzen. Lehen entseguetan abestiak atera, eta pixkanaka jorratu ahala, grabatzen joan ginen. Formazioa aldaturik eta abesti berriak genituenez, Itaka-ri amaiera eman, eta Voltaia sortzea erabaki genuen.

Hortaz, Itaka eta Got Ham taldeetan aritutako musikariak zarete. Nolakoak ziren bi talde horiek?

Bai, hori da, bi talde horietatik eratorritako musikariak daude bertan: Unai Eizagirre (Got-Ham eta Itaka), Jon Duran (Got Ham) eta Ion Brakamonte (Itaka). Itakak estilo ezberdinak nahasten zituen, punk, hard rock, metal, influentzi asko genituen. Got-ham, aldiz, stoner zaleagoa zen, Voltaiaren antzekoa. Voltaia, azkenik, stoner eta punk estilokoa dela uste dugu, hala ere, inoiz ez zaigu gustatu etiketarik jartzea.

Zazpi doinuko diskoa grabatu duzue, nahikoa azkar, gainera, taldea aurten eratu dela aintzat hartuta. Nola grabatu duzue diskoa? Ze estudiotan? Zein teknikarirekin?

Diskoa Zumaiako Usategian (entsegu lokaletan) eta etxean nahastu dugu, gure kontura eta lasai hartuta. Abestiak atera ahala grabatu egiten genituen. Geneuzkan abesti gogokoenak hartu, eta diskoan sartu ditugu. Usategian estudio bat dugu,, Dardara musika elkarteak bideratzen duena, bertan grabatu dute Sexplotion eta Izu Nauk taldekoek ere. Diskoaren grabaketan Unai Eizagirre aritu da teknikari.

Zuen promo-orrian desertua aipatzen da, stoner estiloaren harira, baina punk-rock-aren eraginak ere entzuten dira; esaterako, Erregerik ez kantuan; ados al zaudete horrekin?

Bai, ados gaude. Gustukoak ditugu ere punk-rock abesti azkarrak, gure influentzietako bat dira. Gure abesti askotan aurki ditzakezue punk zertzeladak, batez ere letretan, gaur egungo egoera kaxkarraren isla.

Horren harira, uste duzue metal edo hard-rock taldeek gero eta estilo gehiagotik edaten duzuela?

Mota ezberdineko musika entzuten dugu, beraz influentzia asko ditugu. Garai hauetan musika ezberdin asko entzuteko aukera dago, teknologia berriak direla-eta. Talde gehienek iturri ezberdin ugaritik edaten dutela uste dugu. Metal talde asko gustuko ditugu, eta baita hard rock zaleak ere.

Queens of the Stone Age eta antzekoen eragina izan al daiteke?

Noski baietz. Mila aldiz entzun ditugu QUOTSA-en lehen diskoak, batez ere lehena; azkenak, ostera, ez zaizkigu horrenbeste gustatzen. Hala ere, Voltaiako taldekide bakoitzak bere musika estiloak eta taldeak ditu gustuko.

Azken boladan, zuen estiloko talde interesgarriak entzuten ari gara Euskal Herrian, besteak beste, Tutan Come On bikotearen diskoa ere oso ona iruditzen zaigu, eta zuen antzera, nahikoa eklektikoa. Zeintzuk talde gustatzen zaizkizue Euskal Herrian?

Tutan Come On kristoren taldea da, izugarrizko indarra dute, eta disko puska bat atera dute. Muturbeltz-en diskoa ere asko gustatu zitzaigun, baita Tooth taldearena ere. Halere, seguru talde asko ahazten zaizkigula.

Dagoeneko ari zarete diskoa aurkezten zuzenean, zer nolakoa da jendearen erantzuna? Era berean nola funtzionatzen ari dira doinu berriak zuzenekoetan?

Jendearen harrera momentuz izugarri ona da, nahiz eta oraindik kontzertu asko ez ditugun eman, baina gure taldearekiko interesa badagoela nabari dugu. Bestela, orokorrean, jendeak musika bizi duela eta dantza egiten duela konturatu gara. Gu ere amorratzen gaude kontzertu gehiago jotzeko, eta seguru gogotsu joango garela. Apiriletik aurrera baditugu hainbat kontzertu lotuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button