MUSIKA

Joserra Senperenaren eskutik, “Lied Koadernoa” kontzertua Donostian

Azaroan Lied koadernoa diskoa plazaratu zuen Joserra Senperenak, iaz konposatutako 30 lied osatua, eta gaur egungo euskal poeten hitzak dituena. Maite Arruabarrenak kantatu du diskoan eta zuzenekoetan ere musikagilearen ondoan egongo da.
Abenduaren 29an izango dute lehenengo kontzertua Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, eta hortik aurrera kontzertu gehiago egiteko asmoa dute. Biharkoan sarrerak agortuak ditu sortzaileak.

Joserra Senperenak (Donostia, 1965) musikagile gisa egindako ibilbide luzean musika instrumentala da nagusi, blues-jazzetik hasi eta ganbera-musikaraino. Orain arteko ibilbidean, kantu gehienak sortzeko prozesuan, lehenengo pausoa musika idaztea izan da, eta idazleek letra jarri diete ondoren; melodiak letra baldintzatu du. Lied koadernoan, berriz, Senperenaren asmoa alderantzizko prozesua egitea izan da, letrari eustea gero zein melodia sor zitezkeen ikusteko, zein soinu-paisaiatara irits zitekeen, lurralde berriak esploratzea poesia abiapuntutzat hartuta.
Schubert eta Schumannen lied-ak Senperenaren diskotekan daude piano klasikoko ikasle zenetik, melodien berotasun eta sinpletasunak eta horiekin batera doan pianoak erakarrita. Duela bi urte, Senperenak Sorozabalen lied batzuk entzun zituen kontzertu batean, kantu haiek pianorako eta ahotserako abestiaren kontzeptutik oso hurbil zeudela ikusi, eta norabide horretan konposatzeko prest agertu zen.
2022an, idazle euskaldunen poemak irakurtzen hasi zen, eta, azkenean, Mari Luz Esteban, Juan Luis Zabala, Leire Bilbao, Itziar Ugarte Irizar, Josu Goikoetxea, Goizalde Landabaso eta Jon Gerediagaren egungo lanetan aurkitu zituen etorkizuneko melodien formaren inspirazioa. Poema laburrak dira, maitasunaz, desioaz, egunerokotasunaz, aldarrikapen sozialaz edo naturaz hitz egiten dutenak. Hirurogei bat lan konposatu zituen eta Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin entseatzen hasi zen.

Lied koadernoa musikagileak poesiatik abestiak idazteko duen premia berezitik sortu da, baina haratago doa, eta Maite Arruabarrenaren interpretazioarekin eta konpositorea bera pianoan dagoela, generoaren eguneratzea eta errebalorizatzea gertatu da, betiere publikoa alde izan duelarik. Beraz, “euskal eszenako musikaririk interesgarri eta eklektikoenetako baten lanaren aurrean gaude, generoa gainditzen duena eta publiko zabal eta anitza liluratzera bideratua dagoena.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button