MUSIKA

Sotoko doinuak entzungo dira Elgoibarren

Bihar, etzi eta etzidamu, irailak 20, 21, eta 22, Sotoko Hotsak ekimenaren edizio berri bat egingo dute Elgoibarren. Hala, Kultur Etxeko Sotoan Euskal Herriko rock talde interesgarrienetakoen kontzertuak ikusi ahalko dira: Layo Laser (20an); Royal Canal (21ean) eta Jupiter Jon (22an).

Irun inguruko Layo Laser, Elenak (gitarra), Jonek (baxua) eta Fortunek (bateria) osatzen dute. Bere proposamena instrumentala da eta oraintsu Europa izeneko bigarren lana argitaratu berri dute. Erritmo aldaketa ugarirekin josiriko doinu instrumentalak jorratzen dituzte, punk instrumentala edo math-rock tankerako etiketak ere erabili dira gipuzkoarren jario bizi eta korapilatsua definitzeko.

Royal Canal berriz, Iruñekoak dira. Iñigo Cabezafuego (Atom Rhumba, Bizardunak, Mermaid, The Basque Country Pharaons) musikari ipurterreak zuzenduriko taldea da. Nafarrek folka eta rock uztartzen dute euren kantuetan eta orain arte bi disko argitaratu dituzte egun desagerturik dagoen Noiz Pop diskoetxearekin. Sail with Lord Alembic (2006) eta Soldados (2008).

Azkenik, Jupiter Jon ere Bidasoa ingurukoak dira. Duela urtebete Pleistozenoko Astelehenak estreinako lan bikaina argitaratu zuten bidehuts kolektiboaren laguntzarekin. Taldekideen artean Lisaböko eta Akauzazteko taldekide ohiak daude. “Beraien musika zingiratsua, basatia eta kobazulotarra  dela diote, Balkanetako haur-kanta, post punk, kantu txinatarra eta kraut musikaren kutsuarekin”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button