MUSIKA

Frustration eta Maria Arnal i Marcel Bagés, Usopop jaialdian

Usopop jaialdiaren 9. edizioa maiatzaren 26an eta 27an egingo da, Lizarrietan, larunbatean, eta Santa Katalina kaperan, igandean. Oraindik egitarau osoa itxi gabe izanagatik ere, jaialdian parte hartuko duten bi talde iragarri dituzte: Frustration eta Maria Arnal i Marcel Bagés.

Frustration Paris hiriko post-punk eta new wave taldea da. Frantziarrek 2008an argitaratu zuten Relax estreinako lan luzea, aurretik single eta EPak baino ez zituzten plazaratu. Disko horrek oso harrera ona izan zuen Europako eta AEBetako garage-punk eszenatan. 2013an, Uncivilized kaleratu zuten, eta harrezkeroztik, bost grabazio gehiago plazaratu dituzte, azkena Empires of shame lan luzea, 2016an.

Maria Arnal I Marcel Bagés  bikote katalanak disko bakarra argitaratu du, 45 Cerebros y 1 Corazón, baina sekulako harrera ona izan du. Grabazioan folklorea, pop elektronikoa, fonotekako artxiboak, landa-grabazioak eta hitz poetiko eta kritikoak biltzen dira. Hala, 2016an, bikote katalanaren lana laudatuenetarikoa izan zen. Aipatutako diskoaz gainera, iraupen laburreko beste bi disko dituzte: Verbena eta Remescles, Acoples I Melismes.  Bikotearen unibertsoan askotariko sortzaileen eraginak biltzen dira: Kate Tempest musikaria, Lewis Carroll idazlea, Alan Moore komiki-gidoilaria, Arca, Bjork musikariaren ekoizlea edo Alan Lomax etnomusikologoa.

Horretaz gainera, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dute sarrerak dagoeneko salgai daudela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button