MUSIKA

Joseba B Lenoir eta Kaskezurrek Saran eta Orion joko dute

Joseba B Lenoir eta Kaskezur nafarrek Sarako eta Orioko gaztetxeetan izango dira gaur eta bihar, hurrenez hurren. Kaskezurrek aurten plazaratutako Azpisugeak grabazio bikaina aurkeztuko du.

Azpisugeak diskoaren harira, Kaskezur nafarrek lan txukuna egin dute, hala musikan, nola ahotsetan, hamar kantuak ñabardurekin josita baitaude: gitarra jolasak, ahots konbinazioak… Horretaz gainera, Ibai Gogortzak (Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak) eginiko ekoizpen lana ere azpimarragarria da oso. Diskoa Iñigo Irazokik grabatu du Berako Atala estudioetan; nahasketez Irazoki bera eta Gogortza arduratu dira. Nontzeberritarroi iruditu zaigu 2017an, orain arte, entzun dugun euskal disko interesgarrienetarikoa dela, eta gure ustez, Hasier Larretxeak bete-betean asmatu du diskoaren deskripzioarekin: “Azpisugeak power-pop, psikodelia eta rock proposamen dastagarria da, Sonic Youth eta Superchunk gisako taldeen herentziaren itzaletik edaten duena”.

Joseba B. Lenoir, bestalde, laukote formatuan arituko da, Miren Narbaiza (gitarra), Ilargi Agirre (bateria) eta Nagore Etxabe fitxaketa berria, zeina perkusioan eta baterian arituko den. Lenoirrek horrela iragarri du bere Facebook profilean: “Euskal Gerria dantzan jartzeko nire misioan pausu bat haratago joanez, Ilargi Agirre ordezkaezinarekin batera, perkusio eta bateriaz ere arduratuko da hemendik aitzinera Nagore Etxabe zumaiarra. Emaiozue zuen ongi etorria”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button