MUSIKA

Delorean eta Napoka Iria taldeen lan berriak

Bartzelonan bizi diren Delorean zarauztarrek Apar (Mushroom Pillow) izenburuko lan berria argitaratu dute. Subiza aurreko diskoa baino lan pop zaleagoa da, organikoagoa, non gitarrak, bateriak eta baxuak presentzia handiagoa duten. Halere, lan dantzagarria izaten jarraitzen du, hedonista.

Diskoa New York hirian grabatu dute Chris Zane ekoizlearen laguntzarekin. Azalaren diseinuaren harira, gurutze bikoitz bat ageri da itsasertzean, Oteiza eskultorearen obratik abiatuta. Hori guztia, sinpletasunera jotzeko, 80ko hamarkadako pop oihartzunak sartzeko. Horren aurrean, ehundurak argitu dituzte, eta gehiegizko konponketak eta reverb efektua murriztu.

Delorean-ek bira handia abiatu du munduan barrena grabazio berria aurkezteko. Hala, hil honetan Irlanda, Erresuma Batua, Holanda, Alemania, Belgika, Frankia, Suitza eta Norvegian izango dira. Urrian eta Azaroan , berriz, AEBetara joango dira, eta abenduan Japonia bisitatuko dute. Kontzertu guztien zerrenda: mushroompillow.com.

Napoka Iriaren disonantziak

Eibar eta Elgoibarko Napoka Iria bikotea 2005ean eratu zuten Miren Narbaiza (ahotsa eta gitarra akustiko) eta Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta koruak) musikariek. 2011n Bergarako Zabalotegi aretoan grabaturiko zuzeneko lana kaleratu zuten, Lehertarazi edifizioak, eta urriaren hasieran bigarren lana plazaratuko dute: Arnasten Ikasteko Berriz. Diskoa Saran grabatu dute Iñigo Irazoki teknikariaren gidaritzapean, eta dagoeneko kantu bat entzun daiteke: Disonantziak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button