BERTSOTAN

Bertso-saio andana Euskal Herriko hainbat txokotan

Egun hauetan bertso-saio andana programatu dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Bertso-afari edota saio arruntez gain, badira bestelako izaera duten ekimenak. Hemen bi nabarituko ditugu egunotarako.

Gure Zirkuak Tolosan igaroko ditu Eguberriak, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, eta  zirkuaren beraren eskaintzarekin bat eginez, saio bereziak antolatu dituzte bertan. Horietariko bat Harituz Bertsozale Taldeak antolatuta, Gure Bertso Zirkua izango da. Ahozko inprobisazioa eta zirkuko disziplina desberdinak uztartuko dituzte bihar, hilak 23, zuzenean Oihana Bartra, Andoni Egaña, Alaia Martin, eta Unai Mendizabal bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek.

Baina gaur berton, hilak 22, beste saio berezi bat izango da Mundakan: Ez da Kasualitatea. Oraingo honetan arituko diren bertsolariak Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Ane Labaka Mayoz izango dira, Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikariekin batera.
Ez da Kasualitatea saioko bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Izenburuaren zergatia ondo ulertzen da protagonistek adierazitako ondoko lerroetan: “Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu Ez da kasualitatea: umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button