IKUS-ENTZUN

Mendiaren aztarnak

Gaur goizean, abenduaren 7an hasi eta 16ra bitartean luzatuko den Bilbao Mendi Film Festivaleko 11. edizioa aurkeztu da, aztarnei segika eta aztarna berriak sortzeko, hori baita 11. edizioaren leloa: #Aztarnak.

Hala, datorren astetik aurrera, egungo abentura, muturreko kirolak, natura, etnografia eta mendia gaiak jorratzen dituen zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak bere hamaikagarren edizioan (hamaika zenbaki sinbolikoa da euskaraz, gogoratu!).
Filmak Euskalduna Jauregian, Sala BBK-n eta Golem Alhondiga zinemetan proiektatuko dira 10 egunez.

Jabier Baraiazarra Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendariak eman ditu aurtengo edizioaren datu zehatzak:  158 lan aurkeztu dira aurten bost kontinenteetako 32 herrialdetatik. Guztira 58 film ikusi ahal izango dira aurtengo edizioan: horietarik 55 Sail Ofizialean, 3 Zabalandi atal berrian, eta Mendi Short laburmetraia amateurren lehiaketako irabazlea izan den filma.

Horien artean ere badaude euskara hutsean produzitu diren lanak: Pastoreak (Eukeni Arriortua), Tor (Mikel eta Iñaki Urresti anaiak), Marierrauskin (Alex Areizaga eta Oier Plazaola), eta Bayandalai-Lord of the Taiga (Pablo Vidal eta Aner Etxebarria).

Lehen egunak, abenduaren 7ak, hitzordu berezia izango du. The Dawn Wall filmak zabalduko du Sail Ofiziala Euskalduna Jauregiko Auditorio Nagusian Tommy Caldwell protagonistarekin eta Peter Mortimer zuzendariarekin ere.
Baina jaialdiko antolatzaileek adierazi duten bezala, protagonisten zerrenda handia da: Nico Favresse eta Sean Villanueva eskalatzaileak (Notes from the Wall); Kepa Acero eta Julio Villar surflari eta itsas-gizonak (En Ningún Sitio); Aymar Navarro eta Txema Trull free rider-ak (South Lines); Jean-Yves Fredriksen parapentista (Blutch); Silvia Trigueros mendiko ultra lasterkaria (Tor); Leo Houlding alpinista (Spectre); Pou Anaiak eskalatzaileak (Pim Pam Pou); David Lama eskalatzaile eta alpinista -eta baita surflaria ere- (The Search for the Wooo),…

Guztira 23.000 euro banatuko dira saritan, eta horrek ere handi egiten du emozioak eta bestelako sentsazioak zabaldu eta gizarteratu nahi dituen jaialdia, oraindik hunkitu egiten gaituen jaialdia, mendia kirola soilik baino beste zerbait gehiago dela adierazten duen jaialdia.

Film guztien gaineko sinopsia, sariak, erakusketak eta bestelako informazio zehatza: Bilbao Mendi Film Festival.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu