MUSIKA

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdian munduko musika guztiak

Bihar hasita, irailak 5, eta irailaren 9ra bitartean, munduko musika ezberdinez gozatu ahal izango da Folk Getxo BBK jaialdiaren barruan. Cheikh Lô artista senegaldarra eta Kíla talde irlandarra izango dira kontzertuetako protagonistak.

28. Nazioarteko Folk Jaialdiak 12 saio musikal hartuko ditu guztira. Irailaren 6an hasiko dira kontzerturik potenteenak, Mikel Urdangarinen euskal musikariaren eskutik. Saioan, Cristina Pato gaita-jotzaile, pianista eta musikagilearekin arituko da.

Ostiralean, gonbidatu garrantzitsu bat igoko da oholtzara doinu zelten eta perkusio afrikarren fusioa haizatzeko: Irlandako Kíla taldea. Larunbatean, ostera, Cheikh Lô artista senegaldarraren txanda izango da, Afrikako doinu tradizionalak ekartzeko.

Azken egunean, Xabier Lete  olerkari eta kantautorea omenduko duen Sortuko dira besteak (Petti, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Amets Arzallus, Alex Sardui,…) jaialdiaz ere gozatu ahalko da Getxon.

Horiez gain, jarduera anitz egongo dira Folk Getxon, esaterako zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen eta elkarteren postuak bilduko dituen Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azoka, hainbat herritako platerak eskaintzen dituen Munduko Terraza, Eskoziako, Senegaleko, Galiziako eta Bizkaiko kale-banden desfileak, eta nola ez, arratsaldeko saioak (Ganbara, Aba Taano, Mayalde, Milo Ke Mandarini, Maui y los Sirénidos, Mustapha Agharban, Suyana,…) taldeekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button