MUSIKA

Maraca Diablo egitasmoaren estreinako lana eskuragarri dago

Maraca Diabloren atzean Mendaroko Munlet bikoteko Ina Herr Professor gitarra jotzailea dago. Munlet geldituta dagoela baliatuta, Inak Maraca Diablo abiatu, eta Hail Zigurat! izenburuko diskoa sareratu du. Munleten elektro-punk-rock soinutik urrun dagoen proposamena da infernuko maraka honena.

Proiektu honen jatorria Uler 600 taldean dago, non Inak jo zuen Munlet abiatu baino lehen. Inak azaldu digunez, “Munlet 2002. urtean hasi genuen, eta beste estilo batekoak izan arren, Munleten egokitzen ez ziren kantuak urteetan gordetzen jarraitu nuen”. Horrela, 2012. urteko irailera iritsi arte: “Munlet isildu dugu pixoihalak aldatzeko, eta, azkenik, lortu dut tarte luze batean metaturiko kantuak amaitzea. Doinuon grabazioa ere urteetan egin dut, tarte libreetan, hain zuzen ere”.

Zortzi kantuetan gitarra iradokitzaileak eta tempo ertain eta ilunak nagusitzen dira. Oraingoan, rock eskema klasikoetatik hurbilago dauden doinuak idatzi ditu gipuzkoarrak, tartean, David Bowieren Modern Love piezaren moldaketa. Diskoa entzuterakoan Cancer Moon edo El Desvan del Macho bezalako euskal taldeen gitarra riffak eta giroak antzematen dira. Halaber, Australiako rock ordezkarien itzala ere nabaritzen da, hala nola, Rowland S. Howardena. Abestiak sinpleak izanagatik ere, ñabardurez josita ateratzen dira bozgorailuetatik, konponketa eztiak entzuten baitira han eta hemen.

Inak berak grabatu du diskoa El Cubo izeneko bere estudioan, eta grabazioan zenbait musikariren laguntza izan du: Imanol Manterola (Uler 600 eta Karidadeko Benta), Iñaki Larreina baxua eta Alberto Gonzalez teklatua. Dena dela, egitasmoaren zatirik handiena Inak hartu du bere gain.

“Gustura gelditu naiz egindako lanarekin, bestela ez nituzke plazaratuko. Urte guzti hauetako beratzeak behin betiko ukitua eman diote kantuen ekoizpenari, urte hauetan ikasitako guztia aplikatu ahal izan baitut. Horretaz gain, ahalbidetu dit kantu anitzak eta ere berean, koherenteak aukeratzea. Beraz, oso kontent nago”.

Nontzeberritarrok, gure aldetik, zur eta lur gelditu gara diskoaren kalitatearekin. Quant-A-Vous kantua entzutea baino ez dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button