IKUS-ENTZUN

Gaur abiatuko da Zinegoak Jaialdia

Gaur abiatuko da Bilbon Zinegoak jaialdiaren 14. edizioa. Aurten bi astez luzatuko da LGTB-ren inguruan ardazturiko zinema zikloa, otsailaren 20tik martxoaren 5era arte.

Bi asteko iraupena izango du jaialdiak, dokumentalei indar berezia emateko eta publikoak antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzeko aukera gehiago izan dezan. Pau Guillen Zinegoak-en zuzendariaren hitzetan, “Bi arrazoi izan dira luzapena ekarri dutenak. Alde batetik,  publikoak eginiko eskaera bat izan da, batzuetan kontzentratuegi zegoen programazioa eta emanaldi guztietan ezin iritsi, eta beste aldetik, dokumentalei garrantzi handiago eman nahi diegu aurten”.

Gaur berton abiatuko den astean dokumentalak eta zine esperimentala izango dira protagonistak, Bilborock eta Bilbao Arte Fundazioko Art House Zineman. Gainera gaurko inaugurazioa Joao Pedro Rodriguesek jasoko duen ohorezko saria ematearekin egingo da.

Programazioan, 21 fikziozko film luze, 14 dokumental luze, eta 60 film labur pantailaratuko dira. Tartean, hainbat jaialditan saridun suertatu diren film hunkigarri eta erakargarriak. Euskal produkzioak ere bere txokoa izango du, eta hala, Mara Mara (David Aguilar), eta Etxera Bidean (Xabier Madariaga) lanak ikusi ahal izango dira.

Beste sari oso berezi bat emango zaio, kasu honetan, Queer Kampala jaialdiari. Jaialdi hori Ugandan antolatzen da, eta bertan, homosexualitatea debekatuta dago!!!. Hassan Kamoga bere zuzendaria Bilbon egongo da saria hartzeko eta bere film bat emateko. Hortaz, aurten,  Zinegoakeko protagonista nagusietako bat Afrikako LGTBren errealitatea izango da, eta Queer Afrika zikloa egingo da otsailaren 21 eta 24 artean. Afrikako lau herrialde ezberdinetako lanak proiektatuko dira: Call me Kuchu (Uganda), Born this way (Kamerun), Difficult Love (Hegoafrika), Tchindas (Cabo Verde).

Zinegoak amaitu ostean Euskal Herriko hainbat herrietan ikusiko da. Aurten 32 herritan antolatuko dira saioak, eta martxoan, 40 proiekzio baino gehiago izango dira bazter askotan.

Bere programazio guztia hemen topatuko duzue: Zinegoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button