LITERATURA

Nobel saria irabazitako idazlearen lana euskaratzeko, Jokin Zaitegi Saria

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dena.

2022an Suediako Akademiak Annie Ernaux idazle frantziarrari eman dio Nobel Saria, eta ekimenak idazle horren La femme gelée eleberria euskaratzea du helburu.
Hortaz, edonork har dezake parte lehiaketa honetan, horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 6ko gauerdian amaituko da.

Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2023ko urtarrila amaitu baino lehen.

Irabazleak 3.000 euroko saria irabaziko du La femme gelée itzultzeko. Elkar etxeak argitaratuko du Annie Ernaux-en lana euskaraz, eta 2023ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button