MUSIKA

Kontzertu “lasaiak” izango dira Bergarako gaztetxean

Bergarako gaztetxeak kontzertu akustikoak ondu ditu maiatzeko ostiraletan, Egubakoitzak Kartzelan programaren bosgarren edizioaren baitan. Emanaldiak gaztetxearen kanpo aldean dagoen agertokian egingo dira, 22:00etan, eta Txapa Irratiak zuzenean emitituko ditu.

Kontzertuei dagokienez, lau izango dira: maiatzaren 2an, El_Txef_A eta Amorante; 9an, Lou Topet eta Bakelite; 16an, Petti eta Isuo Sasiia; 23an, Soka Taldea eta Enekora.

Antolatzaileen arabera, “Nahasketan aberatsa da aurtengo kartela. Aurten, lehen aldiz doinu elektronikoei ere tokia egin diegu, eta bestalde, lehen aldiz ere musika klasikoak kartzela zaharreko patioa hartuko du. Ez dira faltako ohiko bilakatu diren formatu intimistak, ezta gitarrarekin bakarrik patioa bereganatzeko gai diren bakarlariak”.

Ostiral honetan, hain justu, El_Txef_A eta Amorante izango dira Bergaran. El_Txef_A goitizenaren atzean, Aitor Etxebarria Bilbao musikari elektronikoa dago: “Bere nahasketek zabalkunde handia izateaz gain, esperimentatzeko eta gustu onarekin musika sortzeko duen abilezia esanguratsua da”. Bergarako gaztetxean bakarka arituko da.

Amorante, berriz, Iban Urizarren (Andrakan, Rafa Rueda, Cafe Teatro, Bizarra, …) proposamen berria da. “Folk kutsua ateratzen du ahotsa gitarra espainolaz, harmoniumaz, perkusioz eta tronpetaz jantzita. Aspaldiko kopla, flamenkoa, Afrikako musika eta orokorrean tradizio anitzeko musika jorratzen du. Biluzia eta sakona”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button