MUSIKA

Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen kontzertua, Durangon

Bihar, abenduak 30, Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak kontzertua eskainiko du Durangoko Landako Gunean, 20:00etan hasita. III (Bidehuts) izenburupean kaleratu den lan berria haizatuko du taldeak.

Aurreko diskoetan bezala kantak modu oso pertsonalean aurkezten ditu rocka eta esperimentazioa modu berezian nahastuz. Konposizio guztiak Irazokirenak izan dira. Grabaketak Berako Atala eta Tarnoseko Shorebreaker estudioetan egin ziren Johannes Buff musika ekoizlearekin.

Antton Iturbe adituak modu honetan deskribatu du lan hori: “Joseba Irazoki futbol jokalaria izango balitz, partida nahasienetan ere baloia ukitzen duten aldioro jokaldi magiko bat sortzeko gai diren jokalari horietako bat litzateke. Eta hala jazo da oraingoan berriz ere. Josebak aho bete hortz utzi gaitu, metro karratu batean driblina egin eta gero, berak baino beste inork antzemateko gai ez den hutsune zabal bat irekitzen du pasea eman du. III izugarrizko pazientzia eta jakituriaz landutako 9 doinuen bilduma da. Disko heldua, bai, funtsean Joseba eta bere ohiko lagun taldearen soinu ezagun eta nahastezinez osatua, baita ere, baina inola ere ez erosoa edota konformista. Lerro arteko informazioaz beteta dator eta geuri dagokigu entzunaldien poderioz aurkitzeko gai izatea, abesti guziak eta bere ondoan aritzen diren musikari guziak hobetzen dituen mugimendu magiko eta antzemaezin horiei adi beti.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button