EZLEKUBAT

Leire Ituarte dantzaria: “Sorkuntza prozesuak nahiko biziak eta intentsiboak izaten dira”

Leire Ituarte dantzari euskaldunak Madrileko Escena Contemporanea jaialdian parte hartu zuen joan den otsailean, Look at me, Bang Bang eta Azul en tres actos (extracto) izenburuko bi ikuskizunekin.Leire Ituartek dantzatzen duen Look at me, Bang Bang ikuskizunean ikusmen-kultura garaikidean gertatzen den gorputz femeninoaren eta emakumearen irudiaren erreprodukzioari buruzko ibilbide ironikoa egiten du. Ispiluaren beste aldetik ari den pop kutsuko begirada kritikoa da.Azul en tres actos (extracto), berriz, galeraren esperientzia malenkoniatsuari egiten zaion tributua da, non galdutako gauzak denboratik erreskatatzeko gure memoria subjektiboak erabiltzen dituen bitarteko ezberdinak esploratzen diren.
Honetaz eta bere ibilbideaz berba egin dugu sortzaile gazte honekin.

Txikitatik hasi zinen dantzaren munduan. Nola hasi zinen inguru horretan eta zer bilakatu zaitu dantzak?

Bai oso txikia nintzela amak sartu ninduen dantza klasikoko eskola batetan. Urteetan dantza klasikoa ikasi nuen baina nerabezaroarekin batera utzi egin nituen ikasketak. Egia esanda ez nintzen dantza klasikoaren hizkuntza hain kodifikatu eta zorrotz horrekin askorik identifikatzen eta bertan behera utzi nituen ikasketak. Gero nagusiago nintzela Dantza Garaikidearekin hasi nintzen. Bigarren galderari dagokionez, ez nuke esango dantzak ezer berezirik edo zehatzik bilakatu nauenik. Niretzat dantza sormena eta ikerkuntza pertsonala garatzeko baliabidea izateaz gain istorioak kontatzeko, sentsazioak eta grinak transmititzeko edota ideien hausnarketarako aitzakia izan daiteke eta, nola ez, sortzailea eta publikoaren arteko komunikazio prozesu edo truke oso ahaltsu batetarako aukera ezin hobea.

Ikasketak ere dantzaren inguruan egin zenituen?
Esan bezala dantza klasikoaren inguruan egindako ikasketak bertan behera utzi nituen eta Dantza Garaikideari dagokionez, urteetan zehar bildutako heziketa guztiz eklektikoa izan da nirea. Dantza Garaikidearen inguruan jasotako prestakuntza, nire kasuan, ez da “eskolarena” izan, -hemen ez baitago Dantza Garaikidearen eskolarako aukerarik-, baizik eta urteetan zehar jasotako kurtso ezberdinen amalgama guztiz heterodoxo baten ondorioa.

Gorputza eta espazioaren arteko dimentsioak ikertzeko eszenatokia izan da dantza zuretzat. Sorkuntza ere izan da betidanik?
Bai, noski, dantza, izatez, oinarrian hori da eta: “Gorputzak, denbora eta espazioaren koordenadetan eskaini ditzakeen hainbat aukeren hausnarketa eta ikerketa, betiere, sorkuntza prozesu baten  testuinguruan”.

Ikuskizun interesgarrien sortzailea zara. Nondik sortu dira zure proposamen hauek?
Orain arte behintzat, nire beste bizimodu edo heziketa akademikoan zehar landutako edo ikertutako ideia, teoria edo kontzeptuetan oinarritutako irudikariak landu eta eraman izan ditut eszenara. Teoria filmiko feministaren inguruan idatzi nuen nire Tesi Doktorala eta horren inguruan ibili izan nintzen ikerkuntza munduan murgilduta urteetan. Hortaz, suposatzen dut horixe izan dela nire inspirazio iturri nagusia.

Delicias de la Civilización lanarekin sariak irabazten hasi zinen. Nola hartu dituzu horrelako aipamenak?
Bai, egia esan, sariak oso lagungarri izaten dira mota honetako lanen zabalkunderako, batez ere, kontutan hartzen baldin badugu Dantza Garaikideari dagokionez gaur egungo merkatuaren egoera zein den. Delicias-en kasuan, esate baterako, Masdanza 11 izeneko Dantza Garaikideko Lehiaketa Internazionalean hirugarren saria irabazi ondoren pieza nahikotxo mugitzeko aukera izan nuen. 15 minututako pieza honekin, 20 emanaldi inguru egitea lortu genuen eta hori ez dago batere txarto, kontutan hartuta, Espainiako Dantza Garaikidearen merkatua oso murriztua izateaz gain, pieza laburra zela eta horretaz aparte nire lehenengo sorkuntza lana zela. Egia esan, oso harro nago nire lehenengo lan honen emaitza eta zabalkundearekin.   

Azul en tres actos edota Look at me, Bang Bang izan dira zure azken proposamenak. Zertan dira?
Look at me, Bang Bang, emakumearen irudia, gorputza eta sexualitatearen inguruan egindako hausnarketa da. Masa Kulturak emakumearen irudi edo gorputz femenino hori jorratzeko erabiltzen dituen estereotipoetatik abiatuz. Gaur egungo irudia kulturan, emakumearen klixe horiek hedatzen duten ideologia subliminala interesatzen zitzaidan. Horrexegatik emakumea adierazteko sexualitate femeninoaren alderdi “eder” eta “maltzurraren” arteko dualtasun edo bikoiztasun subliminal horretatik abiatu nintzen ikuspegi ironiko bat erabiliz. Azul en tres actos piezaren proposamena oso ezberdina da. Lan intimistagoa eta emozionalagoa da, melankolia eta galeraren gaien inguruan egindako ikerkuntza, egoera malenkoniatsuaren inguruan sortutako denboraren esperientzia edo denbora malenkoniatsuaren kosmobisioari buruzko hausnarketa, betiere, oroimenari buruzko gogoeta abiapuntutzat hartuta. Denbora malenkoniatsua, oroimena eta galera izango lirateke lan honen ardatz tematikoak.   



Mugitu zaren tokietan zelako harrera izaten ari dira zure azken lanak?
Ba, orain arte behintzat, publikoarengandik jasotako feedback-a oso positiboa izan da. Pasa den otsailean, esaterako, Madrilen Escena Contemporanea izeneko jaialdi internazionalean parte hartzeko aukera izan nuen eta harrera benetan ahaltsua jaso genuen publikoarengandik. Esperientzia izugarri ederra izan zen. Publikoarekin horrelako lotura gertatzen denean esperientzia benetan magikoa izaten da.

Eta beti emakumearen gaineko hausnarketa proposatu duzu mugimenduaren bidez.

Delicias de la Civilización eta Look at me, Bang Bang-en kasuan bai, emakumearen irudia, gorputza eta sexualitatearen inguruan egindako lanak dira biak, batez ere, Masa Kulturak emakumearen irudikaria jorratzeko erabiltzen eta mobilizatzen dituen estrategiak testuingurutzat hartuz. Azul en tres actos-en gaia, esan bezala, ezberdina da oso.

Beti aipatzen duzu gorputz femeninoaren “performatibitatea”. Zer adierazi nahi duzu kontzeptu honekin?
Judith Butler pentsalari feminista iparamerikarraren Performatibitatearen Teorian inspiratutako kontzeptua da hau. Eta nik ere zentzu horretan erabiltzen dut Performatibitate hitza. Butlerren teoriaren arabera gure genero eta sexu identitatearen oinarria kulturala da eta ez naturala eta zentzu horretan nortasun maskulinoa edo femeninoa edo heterosexualitatea giza botere politiko eta kulturalen sareen emaitza edo produktua da, hau da, eredu heterosexual eta falogozentrikoari mesede egiten dion eraikuntza bat besterik ez, nahiz eta gero kulturak berak identitate edo genero arautegi eta jokabide sexual hori naturaltzat eman. Zentzu horretan genero nortasuna edo identitate sexuala Performatikoa litzateke, hau da, bere jokabide, portaera eta arau berezien arabera funtzionatzen duen hizkuntza baten antzezpena edo irudikapena besterik ez. Nik Kontzeptu hau, gure gizarte patriarkalak masa kulturaren bitartez eraiki eta zabaltzen duen feminitatearen kontzeptua eta irudikariaren ikuspegitik jorratu dut.    
 

Jaialdi dezentetan hartu duzu parte. Zein da zure ibilbidearen balorazioa. Nola ikusten duzu dantza garaikidearen mundu hori?
Nire lanak zirkuitu alternatiboetako ibilbidea jarraitu du eta ibilbide horren barruan banoa, poliki poliki. Ibilbide horren inguruan egiten dudan balorazioa oso positiboa da. Dantza Garaikidearen gaur egungo egoera zaila da. Merkatua berez oso murriztua da eta ikerkuntza lanetarako edo lan kontzeptualetarako merkatua are eta murriztuagoa. Jakin badakigu merkatua eta sorkuntza edo artearen arteko harremana ez dela sekula erreza izan. Eta gaur egungo aro postmodernoan ere Dantza Garaikideak ez du beste modalitate artistikoek Masa Kulturan lortutako tokia konkistatzea lortu. Agian, artea eta sistema edo merkatuaren arteko harremana, Adornok esaten zuen moduan, gatazkatsua izan behar du eta horixe izan daiteke Dantza Garaikideak antzinako arte modernoarengandik oinordetu duen ezaugarririk aipagarriena. Ez dakit, izan ere, Dantza Garaikidea eta merkatuaren arteko harremana horrelakoxea da eta askotan motibazioa izaten da sortzaileen aliaturik fidagarriena. 

Eszenako ikerketan murgilduta zaude. Beste zerbait duzu orain buruan, hausnarrean zaude, sortzen, ikertzen?
Urrian izan zen Look at me, Bang Bang, nire azkeneko sorkuntzaren estreinaldia. Horrelako erditze baten ondoren normalean atsedenaldi bat ematen izaten diot buruari. Sorkuntza prozesuak nahiko biziak eta intentsiboak izaten dira eta nik beharrezkoa izaten dut prozesu bat eta hurrengoaren artean airea egotea. Aurtengo helburua azkeneko lan horren zabalkundea egitea eta hurrengo proiektuaren oinarriak eta diseinua eraikitzen joatea da. Momentuz baditut proiektu berrietarako ideia batzuk baina oraindik zehaztu gabeko proiektuak dira hauek. Hurrengo baten kontatuko dizuet…        

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button