MUSIKA

Aneika Ara eta Te Uhinak egitasmoen disko berriak

Rock hirukote bizkaitarra da Aneika Ara, eta oraintsu, euren estreinako lan homonimoa argitaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen bitartez. Diskoak intentsitate eta lasaitasun uneak tartekatzen ditu; zigiluak bidalitako oharrean slowcore estiloa aipatzen da.

Zigor Iturbe (gitarra eta ahotsa), Argibel Euba (bateria) eta Alex Lopez (baxua) musikariek eratu zuten rock banda 2011n. Hirurak herri musikan edo folklorean aritutako musikariak dira; esaterako, Eubak txalaparta jo du Kepa Junkerarekin eta Lopez Iñaki Plaza trikitilariarekin aritzen da.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen arabera, Aneika Arak biluztasunaren eta tresnen adierazkortasunaren alde egiten du instrumentazioan, tentsioan, gordintasuna eta isiluneak biltzen dituzten atmosferak sortzen ditu. Horretaz gainera, hitz intimoak eta egitura konplexuak jorratzen ditu. Hala, diskoan, rock klasikoa, psikodelia eta 90eko hamarkadako indie-rocka uztartzen dira.

“Te-Uhinak”

Diskoetxe berak, halaber, Drendan Donellyk eta Beñat Fuentesek grabatutako Te-Uhinak diskoa ere plazaratu du, Music Inspired by China Field Recordings izenburupean; alegia, Txinan Landa-grabazioek Inspiratutako Musika.

Fuentes mungiarra da eta Donelly irlandarra, biak ala biak Txinan bizi dira, eta bertan jasotako landa-grabazioen inguruko diskoa ondu dute; aurretik hainbat pop-rock egitasmotan aritutako musikariak dira. “Egitasmo bakana, modako musikatik harago”.

“Batetik, Txinan herriz-herri etnia ezberdinen kantuak, instrumentuak, giroak eta gainontzekoak grabatu dituzte, eurekin ikasiz. Ostean, bizipen horrek eraginda, kanta propioak sortu dituzte. Grabatzerako orduan, lehenagotik dominatzen zituzten instrumentuez gain, tresna eta kantu-molde txinatarretara jo dute”. Hala, Hemen ta Han kantuan, Elliot Smith kantautore indie-aren zantzuak antzeman daitezke, Txinako kantu tradizionalen oihartzunekin nahastuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button