MUSIKA

Ska erritmoen itxaropena

Puro Infierno lanaren aurkezpenean Vendettako taldekide guztiek eta Ritxi Aizpuru Baga Biga zigiluko koordinatzaileak parte hartu dute. Azken horren aburuz, grabazioari alaitasuna dario, eta sentimendu hori ska erritmoen bidez zabaldu dute arren, Latinoamerikako estiloen zertzeladak ere badira, tartean, Tex Mexa, Rancherak eta Narco corridoak. “Aurreko lanari estetikoki kutsu italiarra eman genion; oraingoan, berriz, giro mexikarra erakusten du”, azaldu du Pello Reparaz tronboi-jotzaile eta abeslariak.

Aurreko lanarekin alderatuz, disko honetan ez dute bertsiorik jaso, eta euskaraz abesturiko bi kantu gehitu dituzte. “Disko osoagoa da, aberatsagoa, aurrekoa azkarregi egin genuen, honek, gainera, itxaropen guztiak bete ditu”, esan du Reparazek. “Vendetta da %100”. Euskara txertatzearena “naturaltasunez” gertatu dela esan du. “Aurreko lana Javier Etxebarriak (gitarra eta ahotsa) idatzi zuen bere osotasunean, baina oraingoan neuk ere parte hartu dut konposizioan eta ni euskalduna naizen aldetik kantu batzuk horrela atera dira, berez”. Hitzei dagokionez ere aldaketak izan dira. “Ez dira hain esplizituak”, aldarrikapen espiritua bere horretan jarraitzen duen arren.

Diskoa Artikako (Nafarroa) El Sotano estudioetan grabatu dute Iker Piedrafitarekin, zeinak ekoizle lan “handia” egin duen. Nolanahi ere, Vendettaren habitat naturala oholtza da. “Erronka da diskoa prestatzea, baina benetako Vendetta zuzenekoetan agertzen da”. Hala, bigarren lan hau aurkezteko bira luzea prestatu dute. Kontzertuen datak hemen ikus daitezke.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button