IKUS-ENTZUN

“Laburbira” ikus-entzunezko zirkuitua

Martxoaren 1ean abiatuko da Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolaturiko ekimen honen 9. edizioa, non iraupen laburreko 8 ikus-entzunezko pantailaratuko diren hainbat herritan. Etzitik aurrera, 30 emanaldi eskainiko dira apirilaren 3a bitartean, Euskal Herrian, Paris, Madril zein Londresen.

Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua da hau eta hala, datozen hilabeteetan, 30 emanaldi eskainiko dira; saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukera izango da.

Ikusiko direnen artean, galegoz egindako lanen bat badago eta era berean, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak: Joseba Uberuagaren Izena duena 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, gerra zibilean girotutako istorioa.
Hauez gain, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Permanent taldearen Kantuka bideoklipa ere ikusgai izango dira.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button