MUSIKA

Clem Snide eta Nick Lowe musikarien kontzertuak Donostian

Asteburu honetan nazioarteko bi kontzertu interesgarri izango dira Donostian: AEBetako Clem Snide taldea eta Ingalaterrako Nick Lowe musikaria.

Clem Snide Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da gaur, apirilak 12,  22:00etatik aurrera. Estatubatuarrek Songs for Mary izenburuko lan berria aurkeztuko dute. Eef Barzelay (gitarra eta abeslaria) musikariak zuzentzen duen taldeak AEBetako tradizio musikalean erroturiko doinuak jotzen ditu; hau da, country alternatiboa deitua izan den estiloa.

Estatubatuarrekin batera, Rafael Berrio musikari donostiarra izango da, zeinak Diarios izeneko grabazio berria aurkeztuko duen. Berriok, aurretik argitaraturiko 1971 disko laudatuaren jarraipena gauzatu du lan berrian. Donostiarra maisua da Frantziako eta Italiako abeslarien eraginak, soka konponketekin eta rock pasarteekin janzten.

Clem Snide eta Berrio Bilbon ere izango dira elkarrekin apirilaren 19an Campos Antzokian.

Bestalde, Nick Lowe (Walton-on-Thames, Surrey, Ingalaterra) musikariak Antzoki Zaharrean joko du bihar, apirilak 13, 22:00etan. Ingalaterrako pub-rock estiloan trebatu zen Lowe 70eko hamarkadan.  Gero etorri ziren punk-rock eta new wave estiloetan ere bikain aritu zen, batez ere, ekoizle lanetan, hala nola, The Damned punk taldearen New Rose estreinako singlea eta Damned Damned Damned lehendabiziko LPa ekoitzi zituen, baita Elvis Costelloren lehenengo bost diskoak ere 1977etik 1981era bitarte.

Egun musikari errespetatua da. Heldutasunari harro eta duintasunez eusten dion musikari aparta da, bere azken lana, The Old Magic, 2011n argitaratu zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button