MUSIKA

Euskal Herriko Txistulari Gazteen I. Txapelketa

Bilbao Musikak Euskal Herriko I. Txistulari Gazteen Txapelketan parte hartzeko epea ireki du. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta Bilbao Musikak antolatutako lehiaketa hau apirilaren 29an izango da Bilboko BBK Aretoan.

Parte hartu nahi duten txistulari bakarlari edo taldeentzat izena emateko epea apirilaren 17ra arte egongo da zabalik.
Txapelketa honetan, nahi duen edozein txistulari bakarlarik edo taldek parte hartu ahal izango du, betiere hainbat baldintza betetzen baditu. Bakarlarien kasuan, ez dute 16 urte baino gehiago izan beharko txapelketa ospatzen den egunean, eta txistua eta danbolina besterik ez dute erabili beharko. Taldeei dagokienez, parte-hartzaileek talde bakar batean parte hartu ahal izango dute, eta talde horiek gutxienez 2 txistuz eta gehienez 6 kidez osatuta egon beharko dute.
Fase bakar bat egongo da eta hiru kategoria ezarri dira. Sari banaketa interpretazio guztiak amaitu ondoren eta epaimahaiak erabakia hartu ondoren egingo da. Sariak potoloak dira eta 500 eta 150 euroren artekoak izango dira guztiak.

Epaimahaia txistuko eta musikako profesionalek osatuko dute, eta kontuan hartuko dute burutzapena, interpretazioa, soinuaren kalitatea, obraren zailtasuna eta emanaldia.

Parte hartu nahi dutenek Bilbao Musikaren webgunean ikusi ahal izango dituzte lehen txapelketa honen oinarriak,  bai eta bete beharreko baldintza guztiak ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button