MUSIKA

Belako taldeak bi EP autoekoitzi ditu

Mungiako laukote gazteak iraupen laburreko bi lan plazaratu ditu, Belako Records zigiluaren bitartez: AAAA!!!! eta Bele Beltzak Baino Ez. Bi lan horiek atzo aurkeztu zituen Belakok, Donostian, eta bere kabuz plazaratu dituen estreinako bi grabazioak dira.

Lehenengo EPak taldearen alderik gordinena jasotzen du; etxean grabatua, soinu sendo, gogor eta lehorrak gordetzen ditu, The Cure, Pixies edo Sonic Youth taldeen lehenengo diskoetan bildutakoen antzera.

Bigarren grabazioan, berriz, esperimentaziora jo dute bizkaitarrek, soinu berriak bilatzeko asmoz. MusicBox estudioetan grabatutako lana da, James Morgan teknikariaren laguntzarekin; Josu Ximun, aldiz, ekoizle lanetan aritu da. Lan hori Ingalaterran masterizatu dute, eta orkestra eta elektroniko moldaketak biltzen ditu.

Bi lan horiek autoekoizpenaren bidetik kaleratu dituzte, eta horretarako, Belako Records marka sortu dute. Horrekin batera, webgune berria ere sareratu dute.

Josu Billelabeitia (gitarra, teklatuak, baxua eta ahotsa), Cris Lizarraga (ahotsa, teklatuak), Lander Zalakain (bateria, ahotsa) eta Lore Billelabeitia (baxua, teklatuak, ahotsa) musikariek eratu zuten taldea, eta zenbait lehiaketa irabazi eta maketa parea argitaratu ostean, Eurie izenburuko lana plazaratu zuten, 2013an.

Orain, eta indarrean zuten kontratu diskografikoa amaitu eta gero, autoekoizpenaren filosofian murgildu dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button