MUSIKA

Anari eta Neighbor, Errenteriako Niessen aretoan

Anari eta Neighbor taldeek Errenteriako Niessen aretoan joko dute igandean, hilak 20, 19:00etatik aurrera.

Maite Larburu eta Josh Cheatham dira Neighbor taldeko partaideak eta Ura patrikan (Gaztelupeko Hotsak) da bikote honen lehen esperimentazioa. Euskalduna eta biolin jotzailea da Larburu, eta estatubatuarra Cheatham (viola da gamba eta kontrabaxua jotzen ditu), baina Amsterdam hirian bizi dira. Larburuk, De Nederlandse Bachvereniging, Amsterdam Baroque Orchestra, Anima Eterna, Sevillako Orquesta Barroca eta Holland Baroque Society orkestretan parte hartu du.
Ahotsa eta gitarraren bidez kantu sorta bat eskaintzen dute Ura patrikan lanean, non folk, blues, jazz edota Brasilgo musika entzun ahal den. Larburuk sortu ditu abestiak eta haien garapen musikalaz arduratu da Cheatham.

Anarik, halaber, Zure aurrekari penalak lana aurkeztuko du. Diskoaren edukiaren harira, diskoa jarri eta berehala jabetzen gara Anariren disko baten aurrean gaudela: azkoitiarraren fraseatzeko modua, kantuen tempoa… baina, beste gauza guztien gainetik, teklatu eta pianoen presentzia gailentzen da diskoan, Nick Caveren eraginez-edo. Piano, hammond eta sintetizadore horietako batzuk Irla izan diskoan ere parte hartu zuen Joaquin Pascualek (Surfin’ Bichos) sartu ditu. Halere, Anariren diskoek sarritan gordetzen dute harribitxiren bat; esaterako, Hareago, Mikel Laboaren minimalismoa eta 16 Horsepower banda estatubatuarraren country gotikoa uztartzen duena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button