EZLEKUBAT

Kattalin Marin: “Arropak besteengandik ezberdintzeko daukan gaitasuna ona eta txarra izan daiteke.”

Kattalin Marinek (Portugalete, 1982) Gizarte Hezkuntza ikasi zuen. Unibertsitatean zegoela bere arropak kustomizatzen hasi zen, eta era berean, patroigintzan murgildu zen. Horrela, sortu zen Mantalgorri, alegia, oihal birziklatuekin, “zatiekin”, josiriko arropa koloretsua. Kattalinek, gainera, ahalegin berezia egiten du haurren arropetan, biziki gozatzen baitu “animaliak, fruituak” eta bestelako formak eransten umeentzako arropetan. Mantalgorri ehun-egitasmo txiki, baina ondo artatutako honi buruzko xehetasun guztien berri izateko, arropa diseinatzaile gazte honekin jarri gara harremanetan.

Zelan abiatu zen Mantalgorri?
Diseinua beti gustatu zait, baina arropa diseinatzeko nahia berandu  heldu zen. Unibertsitatean nengoela nire arropetan aldaketan egiten hasi nintzen eta azkeneko ikasturtean denbora neukanez patroigintzako goi mailako ziklo bat egiten hasi nintzen. Gero haurrentzako arropa egitea pentsatu nuen eta horrela Mantalgorri sortu zen.

Zein da lan egiteko prozesua?

Egiten ditudan ia-ia gauza guztiak bakarrak dira. Normalean oihal puskak edo lagunek emandako oihalak erabiltzen ditut. Baina norbaiti zerbait gustatzekotan bere neurrira ere egin dezaket. Serie handiak egitea oso zaila iruditzen zait eta oihal puskekin kasik ezinezkoa. Oraintxe bertan enkarguak egiten ditut, koloreak edo berezitasunen bat nahi badute esaten didate eta horrekin arropa egiten dut.

Zein nolako oihalak erabiltzen dituzu eta zergatik?
Lehen esan dudan bezala, gehien erabiltzen ditudan oihalak puskak dira edo lagunek emandakoak (amamenak…). Material hauek erabiltzea erabaki nuen oihalak eta arropa birziklatzeko, oihal bitxiak topatzen ditudalako eta gainera ekonomikoagoa delako. Horrez gain, kolore eta forma desberdinetako oihalak nahastea gustuko ditut. Nire ustez, arropa politagoa eta dibertigarriagoa geratzen delako.

Zer iruditzen zaizu gaur egun jendeak janzkera eta arroparekiko daukagun erlazioa? Merkatuak berak (merkatal zentroak, denda handiak) ere badu zeresan kontu honetan.
Pertsonek arroparekin eta janzkerarekin daukaten erlazioak oso desberdinak dira. Nire ustez moda garrantzitsua da, baina ezin da ezinbesteko gaia bihurtu. Niri merkatal zentroak ez zaizkit gustatzen. Egia da Zara eta beste denda handien prezioak oso egokiak direla gaur egungo egoerarako eta soldatentzako eta denok erosten dugu denda hauetan, baina askotan atzean dauden bidegabekeriak ahazten ditugu. Nahiago dut arropa gutxi, polita, originala eta erabiliko dudana izatea.

Arropak besteengandik ezberdintzeko gaitasuna dauka? Arroparen funtzioetariko bat izan beharko litzateke hori?

Arropak besteengandik ezberdintzeko daukan gaitasuna ona eta txarra izan daiteke. Ona, gauza desberdinak egiteko arropa desberdina erabili behar dugulako eta txarra, estereotipoak sortzen direlako eta giza taldeak sortzen dira bakarrik janzkeragatik. Nire ustez, hau arriskutsua izan daiteke janzkerak ez duelako nortasuna zehaztu behar.

Haurrentzako arropa asko diseinatzen duzu, eroso sentitzen zara esparru horretan?
Asko gustatzen zait haurrentzat diseinatzea. Kolore ugari, animaliak, fruituak eta abar erabili ahal direlako, haurren arropa normalean oso polita baita. Gainera, arropa nire aisialdian egiten dudanez, niretzat errazagoa da, pieza txikiak direlako eta arinago egiten baitira.

Zaila egiten al zaizu diseinatutako arropa merkaturatzea?
Egia esanda, orain dela gutxi hasi naiz gai honekin. Mantalgorriko arropa mantalgorri.com web orrian dago. Gauza batzuk, Trapagaraneko El taller de tula dendan saltzen ditut eta Bilbon, Maiatzak 2 kalean egiten den merkatuan era izango naiz.
Salerosketa pixkanaka- pixkanaka doa baina eskaerak ditut, batez ere haurtxoen lo-sakoetan.

Azpiegiturarik al dago Euskal Herrian honelako egitasmoak aurrera ateratzeko?
Momentuz, Euskal Herrian Creamoda lehiaketara hiru aldiz aurkeztu naiz, eta Euskal Herritik kanpo beste lehiaketa desberdinetara, Vigoferias, eta Kantabrian. Baina gehiago begiratu behar dut. Eta gauza guztietan bezala laguntza falta dago.

Etorkizun hurbil batean zertan bilakatu daiteke Mantalgorri?
Batek daki. Etorkizunak esango du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button