MUSIKA

UK Bill taldeak “Ez nago lo” izenburuko laugarren lana argitaratu du

Añorgako UK Bill bandak hamar urteko ibilbidea bete du aurten. Hala, data berezi horren harira, lan berria argitaratu du hil honetan, Ez nago lo. Laukoteak rock kutsuko kantu indartsuak idatzi ditu grabazio berri horretarako.

Diskoa Garate estudioan grabatu dute, Martxel Arkarazo teknikariaren gidaritzapean, aurtengo otsailean, maiatzean eta urrian. Ekoizpenean, berriz, taldea eta teknikaria aritu dira, batera. Taldearen esanetan, “oso gustura gaude emaitzarekin. Momentu ona da. Proiektu berriak aurrera eramateko ahalmena dugu baina aberats egin gabe… Esan daiteke aberatsak garela, baina beste zentzu batean”. Disko berriaren bi bideoklip ere estreinatu dituzte: Gure Hitza eta Ez nago lo.

2004an eratu zen UK Bill, Utikan, Asgarth, Hamaika Bide eta Laurobako taldekideak bilduz. Taldea Rafa Cabezak (ahotsa, gitarra), Oier Txoperenak (gitarra), Unai Corralek (bateria), Iker Laurobak (baxua) abiatu zuten. 2010ean, baina, Iker Laurobak talde utzi zuen, eta haren ordez Iker Iparragirrek hartu zituen lau sokak.

Disko berriaren aurretik, hiru disko argitaratu dute Añorgakoek U.K.Bill (2007), Paradisu Sekretua (2009) eta Maite/Gorroto (2012).

Kontzertuen harira, abenduaren 6an, Durango Azokako Ahotsenea gunean izango dira; 11n,  Donostiako Le Bukowski Klubean, eta 2016ko urtarrilaren 16an, Donostiako Gazteszena aretoan, TtanTtakun irratiaren festaren baitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button