MUSIKA

Eten eta Killerkume taldeek Beran joko dute

Bilbo aldeko Eten eta Killerkume bandek Berako Kataku ostatuan joko dute larunbatean, 22:30etik aurrera. Biak ala biak bikoteak dira, gitarra eta bateria, eta hardcore, noise eta esperimentazioaren esparru arriskutsuetan aritzen dira.

Sestaoko Unai de la Iglesiak (bateria) eta Ibon Rodriguezek (gitarra) osatzen duten Eten bikotea ATX! izenburuko bosgarren lan luzea plazaratu zuen iaz. Diskoak hardcorearen amorrua eta esperimentazioaren askatasuna uztartzen ditu.
90eko urteetan jazz-core etiketa erabili zen antzeko ezagugarriak biltzen zituzten taldeak definitzeko, tartean, No Means No eta Victim’s Family; hots, abiaduraren eta erritmo aldaketa ugariren batuketa.

Diskoa LP eta CD formatuan eskura daiteke, taldearen kontzertuetan, edo haiei zuzenean eskatuz. “Binilozko aleak eskuz belztu eta serigrafiatu ditugu”. Horretaz gainera, doan ere eskura daiteke Etenen eta Arto Artian katalogoaren webguneen bidez.

Bilboko Killerkume bikoteak antzeko ezaugarriak erakusten ditu. Noise-rock estiloa jorratzen du eta bi taldekideak hainbat taldetan aritutako musikariak dira, tartean, Loan, Ximel, Mirage eta Hauts. Aurten, bi kantuko lana argitaratu dute bilbotarrek, Industrial Sunbath. Doinu luzeak eta intentsuak jotzen dituzte, erritmo aldaketekin josiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button