MUSIKA

Josu Zabalak eta Garik Kafe Antzokiko zuzeneko diskoa kaleratu dute

Hertzainak euskal talde mitikoko Josu Zabalak eta Iñaki Ion Garitaonaindia Gari, Kafe Antzokian egindako zuzeneko lana kaleratu dute; pasa den irailean, Kafe Antzokian eman zuten kontzertu errepika ezinaren lekuko.

Kafe Antzokiak berak ekoitzi du lana, antzokiaren 25. urteurrena beteko duen unean, urtebetetzea ospatzeko modurik ederrena delakoan. Izan ere, antzokiarekin lotura estua izan du betidanik euskal taldeak, eta emaitza, elkarri zor zioten oparia bat bezala hartzen dutela gaineratu dute: zuzeneko 9 abesti jasotzen dituen diskoa, 564 abesti ezagunaren kontzertuko irudiz osatutako lan ederra.

Proiektu berriaren sorreraz hitz egin dute Josuk eta Garik gaur, fenomeno harrigarria izan dela azpimarratuz. Josu izan du Garik azken lanean kolaborazio lanetan lagun, eta hor hasi zen ernaltzen gaur aurkeztu duten lana. Izan ere, euskal rock talde mitikoaren lehen diskoak argia ikusi zuenetik 35 urte bete direnean, urteurrena ospatzeko taldea elkartu eta bira txiki bat antolatzeko  grina piztu zitzaien. Baina talde osoa berriro elkartzeko aukerarik ez dute izan. Hala ere, bien artean ideia horrekin aurrera egitea erabaki zuten.

Era honetan, ideia horri nola forma eman pentsatzen ari zirela, ordea, Euskalduna Jauregian kontzertu bat egiteko proposamena heldu zitzaien Bizkaiko Diputaziotik. Hasiera batean kontzertu bakarra eskaini behar zuten, irailaren 26koa, baina sarrerak agortu eta bigarren data bat finkatu zuten Euskalduna. Bigarren kontzertuarekin  gauza bere gertatu zen ordea. Gauzak horrela, azkenik, hirugarren kontzertu bat iragarri zuten. Oraingoan, baina, eszenatokiz aldatzea erabaki zuten eta  aretoarekin duten harremana dela medio, Kafe Antzokian zehaztu zuten irailaren 17an emankizuna. Musikariek Kafe Antzokia etxetzat izan dute eta horregatik erabaki zuten Euskaldunako kontzertuen aurretik, kontzertu berezia eskaintzea areto horretan.

Inun baino alaiagoa izanen da izenburupean, Josu Zabala eta Garik kontzertu aparta eta errepika ezina eman zuten bertan. Ordu bi eta erditan, 17 abestiz osatutako errepertorioa eman zuten, baina zalantzarik gabe, protagonista publikoa izan zela esan dute eta  “gau berezia ez ezik, magikoa ere bilakatu zen”,  musikarien hitzetan.

Hala, lan berrian, gau hartako “magia eta emoziak” bildu nahi izan dituzte, oroimen kolektiboari ekarpena eginez. Hala ere,  oso zaila izan zaie lana osatzen duten 9 kantuen aukeraketa egitea, “guretzat balio emozional handia duten 9 kantu badira ere”, gaineratu du Garik. “Publikoak ekarri gaitu ona, bai kontzertu emanaldi horietara, bai eta diskoa ateratzeko behar honetara ere. Ez genuen uste halako harrera beroa izango zuenik proiektu honek, itzela izan da!”, adierazi du Zabalak. Gainera, jende heldua hurbildu omen zaie kontzertuetara eta adierazi dutenez, “nolabait, proiektu honen parte direnaren aitortza bat sumatu dugu publikoaren aldetik”.

Orain, Euskalduna Jauregiko eta Kafe Antzokiko kontzertuetako irudi eta unerik ederrenak onenak jasoko dituen bideoaren prestaketan dabiltzala eta, irudi eta une ederrenen aukeraketa lan hori ere oso zaila izaten ari zaiela aitortu dute, “eman ditugun kontzertu gorietan bizi izan ditugun une hunkigarri eta eder asko egon direlako. Euskalduna jauregia bi egunez hankaz gora jarri genuen eta zer esanik ez Kafe Antzokiko kontzertuan bizitako uneak”.

Proiektu berri honetan, hortaz, martxan joan ahala sortu direla elementu berriak esan dute, “ez zegoen halako ezer pentsatuta”. Beraz, Kafe Antzokian zuzeneko diskoarekin gertatu den bezala, orain kontzertuen irudiz osatutako ikus-entzunezkoa dutela martxan iragarri dute, aste gutxi batzuen buruan ETB-n estreinatuko dena.

Informazio osoa duzue, Bilboko Kafe Antzokiaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button