MUSIKA

Balerdi Balerdiren melodia sendoak itzuli dira

Pozez betetzen gaitu Mauro Entrialgo komiki egileak eginiko Balerdi Balerdi taldearen logoa laugarrenez ikustea disko batean, hamabost urtez estudioko lanik kaleratu gabe egon ondoren. Hirukote nafarrak iragan urriaren 26an aurkeztu zuen laugarren disko hau Iruñean. Hegoko lautadaren ertzetik diskoak hiru taldekideek ekoitziriko hamar kantu jasotzen ditu.

Carlos Ortiz (baxua), Sergio Ibarrola Zara (bateria, perkusioa eta ahotsa) eta Toño Muro (gitarrak, harmonika eta ahotsa) musikariek osatzen dute taldea, eta diskoan bildutako hamar doinuak Murok idatzi ditu, bai musikari, bai hitzei dagokienez –Linboan eta Hegoak kantuen letrak Peio Lizarralderekin egin ditu bi erdibana-. Muroren gitarra da, hain zuzen ere, taldearen ezaugarri nagusia. Gitarra garden horren gainean eraikitzen dira Balerdiren kantu melodiatsu eta dinamikoak. Kristalezko akorde horiei hitz ironikoak gehitu behar zaizkie bigarren giltzarri gisa.

Hala, diskoan 90eko hamarkadan argitaratu zituzten diskoetan egon zitezkeen kantuak sartu dituzte, hala nola, Ez dut jakin nahi eta Argia piztuta gogoan power-pop ereserkiak, folk-rock kutsuko Egiozu kasu edo taldearen ironia zaletasuna erakusten duen Iruñean rokanrolik ez gogorra. Ezuste handiena ska estiloko Ezkabapean da.

Askotariko lana da, baina nafarren label nabarmenarekin. Doinu batzuk zaharrak dira; maketaren batekoak ere badira; baita eta azken urte erdian egindakoak ere.

Diskoa Musikorta estudioan grabatu dute Xabi Navarro Jota-rekin eta kolaborazioen harira, Batiz gitarra jotzaileak Bertan goxo eta Guduka doinuetan parte hartu du. Balerdin arituriko Blanka Izkuek teklatu batzuk eta sartu ditu, eta diseinuaz Spray arduratu da.

Kontzertuei dagokienez, azaroaren 3an Azkoitiko Matadeixen izango dira Pottoka taldearekin, eta 23an Donostiako Doka kafe antzokian Giorgio Bassmatti kantariarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button