MUSIKA

Dorian Wood-en unibertso musikala Saran zabalduko da

USOPOP-ek antolatuta, Dorian Wood musikari kaliforniarrak (Los Angeles, 1975) Sarako Santa Katalinan joko du, igandean, urriak 19, 17:00etan. Estatubatuarrarekin batera Napoka Iria bikotea izango da.

Wood talentu handiko musikaria da: hainbat instrumentu jotzen ditu, eta bere proposamenean pop, gospel, blues eta antzerkigintzako ezaugarriak uztartzen ditu, nortasun handiko musika sailkaezina egiteko. Kaliforniarra Nina Simone, Scott Walker, Antony & The Johnsons eta Nick Cave musikariekin lotu dute hainbat hedabidek.

Costa Ricoko gurasoen semea, emakumeen eta homosexualen aldeko musikari aktiboa da. “Ez dakit arteak gauzak aldatzeko ahalmenik duen, edo gauzak deskribatzera mugatzen den. Ez naiz oso intelektuala. Basati eta irrazional bihurtzen naiz gauza horiek aztertzerakoan. Batzuetan, ukabilkadak eman nahi dizkiot mundu guztiari, guztiok berdin sufri dezagun, eta isil-isilik gera gaitezen gure sufrimendu kolektiboan. Nire artea akzioa baino erreakzio hutsa da”.

Saran sei kantu biltzen dituen Down, The Dirty Roof lana aurkeztuko du. Diskoari izenburua ematen dion kantuarekin hasten da diskoa, Tom Waits kutsu kabaret zale duena, baina hortik aurrera, pianoa eta  Wooden ahots ahaltsua nagusitzen dira. Hala, Hpssos/A Gospel of Elephants Nick Caven atmosferetatik edaten duen tentsio handiko pieza da, sokekin bikain apaindua.

“Musika tradizionalak izugarriko markatu du nire bizitza, eta Nick Cave edo Tom Waits bezalako konpositoreek musika hori berea egiten dute, modu inteligente eta kitzikagarrian. Gospel musika, bereziki, amaierarik gabeko iturri inspiratzailea da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button