MUSIKA

Rock kontzertu andana eta argazki rallya Jazpana Fest jaialdian

Urriaren 29tik 31ra bitartean egingo da Beasainen Jazpana Fest 10. Hiru egunotan estatuko rock talde independente esanguratsuenetarikoak entzuteko parada izango da. Kontzertuez gain, kirol, argazkigintza edo ikus-entzunezko esparruetako ekitaldiez gozatzeko aukera ere izango da.

Hala, urriaren 29ko egitaraua 17:00etan hasiko da Saskibaloi Txapelketa eta Argazki Rallyarekin. Argazkien gaiak Jazpana Fest jaialdiarekin harremana izan behar du, Jaialdiaren inguruko elementuak edota jaialdian bertan bizitako ekintza eta momentuak. Gehienez bost argazki bidaliko dira posta elektronikoaren bidez Argazki rallya gaiarekin.
Irudiak ezingo dute 8 MB baino pisu handiagoa izan eta 2048×1024 pixel izango dituzte. Aldi berean, testu artxibo bat atsiki beharko da parte hartzailearen datu pertsonalak azaltzen: izen abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa Argazkiak bidaltzeko epea 2010eko Azaroak 30en bukatuko da. Epe horren ostean jasotako irudi guztiak ez dute lehiaketan parte hartuko. Irabazlea nor den abenduaren hasieran jakinaraziko dute. Saria Beasaingo Alzuri argazki dendak eskainitako 200 euroko bale bat izango da dendan bertan gastatzeko. Argazki guztiak sareratu egingo dira.

Egun horretan, gainera, 19:00etan, Guitar Hero Lehiaketa izango da, eta 22:00etan lau taldez osaturiko emanaldia hasiko da: Poderosa Afrodita, Keä, Peachy Joke eta Cheap Time.

Larunbatean jaialdia ordubete lehenago hasiko da skate saioarekin. Egun honetan, gainera, kontzertu gehienak izango dira. Hala, 18:00etan lau talderen kontzertuak entzun eta ikusi ahal izango dira: Otherside, El Cerdo que Grunge, Mothership eta Simca. 22:00etan berriz, karteleko talde ezagunenak joko dute. Nueva Vulcano, Mujeres, Tokyo Sex Destruction eta Delorean. Lauko emanaldi interesgarri honen ostean, Charlie Faber Radio 3 irratiko esatari ezaguna, disko jartzaile lanetan arituko da.

Azkenik, igandean, urriak 31, Txile Tour izeneko dokumentala proiektatuko dute 19:00etan, Jazz & Mongor disko jartzaileak haien disko-jogailuak jiratuko dituzte 22:00etan festari amaiera emateko eta era berean, argazki-rallyaren bukaera ere izango da.

Jazpanaren antolatzaileek haien webgunean esan dutenez, "Zatozte Ruralismo Postmodernora!".

Jazpanak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button