MUSIKA

Itziarren Semeak zazpikoteak EP-a argitaratu du

Itziarren Semeak banda bizkaitarrak Basque of Brixton izenburuko EP-a argitaratu du. Diskoa autoekoizpena da eta Gau Luzeak kantuaren bideokliparekin batera kaleratu dute.

Iraupen laburreko disko berria iaz argitaratutako Lehen lerroan diskoaren jarraipena dela jakinarazi du ska-rock taldeak. Izenburuak The Clash taldearen Guns of Brixton kantu ezagunari eginiko omenaldia da. EP hau Bilboko 7katu gaztetxearen bosgarren urteurrenaren harira egindako kanta grabatzera joan behar zutela sortu zen.

Nabarmentzekoa da, irailaz geroztik, taldekide berri bat gehitu dela taldera: Bilbomatiks taldeko Asier Markez (teklatua).

Horretaz gainera, estudioan hainbat musikariren laguntza izan dute, tartean, Ainhoa Mendibilek (Hankahutsik) ahotsa eta hitzak egin ditu Aulki hutsak kantua, eta Evaristok (La Polla) Bizitzaz bi hitz doinuan abestu du.

Azkenik, aipatu EPan datorren Gau luzeak kantuaren klipa ere egin duela talde bizkaitarrak.

Zazpikoteak dagoeneko hainbat kontzertu lotu ditu grabazio berri hau aurkezteko asmoz. Hala, larunbatean, hilak 4, Abadiñon izango dira; 17an, Ustaritzen; 20an Tolosan; 24an Ondarroako Kafe Antzokian, eta 25ean, Biarritzeko gaztetxean. Martxoan, halaber, beste bi emanaldi emango dituzte: 3an, Kanbon, eta 24an, Gopegin egingo den Gazte Egunean. Azkenik, maiatzaren 19an Igorreko Elkartasun Egunean izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button