LITERATURA

Itxaro Borda idazleak “Susmaezinak” eleberria plazaratu du

Itxaro Borda idazle baxenabartarrak Susmaezinak (Alberdania) liburu berria plazaratu du. Bertan, ETAren urte gogorrenetan Euskal Herrian (Iparraldean bereziki) eta Espainian pairatutako istorio latzak gordinki kontatzen ditu fikzioa erabilita.

Jorge Gimenez Bech editoreak Itxaro Bordaren literatura-ezaugarri nagusiak aletu zituen aurkezpenean, “Itxarok literaturan egin duen bide honezkero luzean, ausardia, adorea, kuraia da beti, nondik edo handik, agertzen dena. Bordaren ausardia intimoa da, barrutik barrurako sortua. Ez desafiozkoa. Askatasuna arnas betean barneratzen duen idazlea da Itxaro. Askatasunerako du ausardia. Libreki pentsatzeko. Libre nabigatzeko literaturaren ur ez beti lasaietan”.

Itxaro Borda azken lan horretan kronikagile gisan aritu da, eta kontakizun “nagusi” bat eraikitzen saiatu da. Liburuko pertsonaiak ETAko Erauntsi komando kideak dira, denak Iparraldekoak, eta, azkenean, mugaren bi aldeetako poliziek atxilotzen dituztenak. Atentatuetan hil eta zauritako biktimak agertzen dira, hauek ere liburuaren protagonista gisa. Fikziotik tiraka istorio gordinak kontatu ditu (antzeko gertakariak irakurri ahal izan ziren prentsan, askotan, bereziki laurogeiko hamarkadan). Idazlearen esanetan: “Ez dut estilo jokorik eraman nahi izan, eta idazkera, batzuetan kontaketa hotza eta zakarra dela ondoriozta dezake irakurleak. Mitifikatzeko edo mitorik sortzeko gogorik ez dut ukan liburu honetan. Justu kontatu, batzuen eromen ideologiko susmaezina eta besteen minak eta doluak, bien artean hedatzen dela halako no man’s land irudiko leize bat, oraindik ere tapatua ez dena”.

Eleberri hau idazteko sakoneko motibazioaz honela mintzo da idazlea: “Euskal Historia garaikideko gertakizunak nobela bidez baliatzeko eta birziklatzeko helburua nuen, berehala, zein aldetakoa den ahantzia duen idazle anbiguo bat bezala, batera ETAko ekintzaile baten larruan eta atentatu batean larriki zaurituriko guardia zibil baten larruan jarriz.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu