MUSIKA

Afalostetan edo erromerietan abesten diren kantak

Jan osteko menua, Trikitixaz dastatzeko abesti sorta liburu berezi eta jostagarria da trikitixa ikasle zein musikarientzat. Zehazki, bazkal zein afalostetan edo erromerietan abesten diren kantak biltzen dira.
Bere 275 orri koloreetan helburu pedagogiko argi bat garatu da. Alegia, trikitixarekin abestekoa, bai bakardadean zein taldean. Hortik sortzen da gonbitea, gure artean hain sustraituak dauden jan osteko kantaldietan oinarriturik, eta tradizioan garrantzitsuak diren 50 abesti baino gehiago erabilita, liburuak irakurketa aunitz onartzen ditu.

Liburu honen egilea Ruben Isasi musikaria izan da. Rubenek hainbat musika tresna menperatzeaz gain, hainbat musika talde eta proiektu musikaletan parte hartu izan du, eta nola ez, trikitixa irakaslea da. Guzti hau kontuan izanda, elkarteak berarengan konfiantza osoa jarri zuen liburu hau burutzeko; izan ere, berak hurbiletik ezagutzen ditu trikitixa ikasleen nahi eta beharrak.
Partiturez gain, liburu honetan kanten letrak ere biltzen dira. Hala ere, musika lan hau Eneko Aldaik eginiko diseinuekin eta, trikitixa forma duten, Olariaga baserriko errezetekin hornitua dago. Hortik datorkio liburuari izenburua; aipatutako bazkari zein afarietako menua bailitzan aurkezten baitira jotzeko eta kantatzeko piezak: sarrerakoak, arrainak, okelak, desertak eta kafeak; jai-giroak aurrera joan ahala liburuan ere horrela aritzeko.

Lan hau Bizkaiko Trikitixa Elkarteak kaleratu zuen 2009ko abenduan. Durangoko Azokan jarri zen salgai eta ordutik hona harrera ezin hobea izan du trikitixa ikasle zein irakasleen artean.

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button