MUSIKA

Bevis Frond, Ebbot Lundberg eta The Limiñanas, Andoaingo Rock jaialdian

Bihar egingo da Andoaingo Rock jaialdiaren hamargarren edizioa. Ekitaldia ohiko lekuan egingo da, Nafarroa Plazan, 18:00etatik aurrera, eta doan. Antolatzaileek kartel ederra osatu dute aurten ere.

Taldeen harira , euskal ordezkariaren plaza Tolosako Belarmiñak taldeak bete du. Iki Poliki (gitarra eta ahotsa), Eñaut Maiz (baxua eta ahotsa), Ilargi Agirre (bateria) eta Joxi Ubeda (gitarra eta ahotsa) dira Belarmiñak taldeko kideak. Iaz, lau kantuko EPa argitaratu zuten Bonberenea Ekintzak zigiluaren bitartez, Haztearen izerdia.

Peralta, berriz, Galiziatik dator, eta eskarmentu handiko musikarien egitasmoa da. 2014an, Time, Purpose & Gold izenburuko diskotzarra argitaratu zuen: psikodelia, rock, country…

Nazioarteko ordezkaritza zabala da eta egundokoa, rock zaleen gozamenerako. Hala, Bevis Frond Nick Saloman musikari britainiarraren egitasmoa da. Ibilbide luzeko proiektua da, 1960ko hamarkadaren amaieran, Bevis Frond Museum izeneko taldeak jotzen baitzuen Salomanek. Nortasun bereziko taldea da. “Hendrix, Wipers eta Byrds taldeen soinua nahi nuen, baina kutsu britainiar nabarmenarekin”, Salomonen hitzetan.

Ebbot Lundberg suediarra, berriz, The Soundtrack Of Our Lives eta Union Carbide Productions taldeen buru izandako musikaria da. Oraintsu gurean izan da pop eta psikodelia kutsuko doinuak zabaltzen.

The Limiñanas frantziarrak dira, eta Velvet Underground taldearen ondaretik edaten du musika hipnotikoa sortzeko. Azkenik, Penny Ikinger australiarra da, eta sekulako taldekideekin arituko da, tartean, Dimi Dero taldeko musikariak eta Johnny Casino.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button