MUSIKA

Erizo eta El Toro y La Niña del Frenesí-k Gasteizen joko dute

Gasteizko Gora tabernak bi kontzertu ondu ditu asteon: gaur, ekainak 26, Erizo hirukote gasteiztarra, eta bihar, ekainak 27, El Toro y La Niña del Frenesí. Biak ala biak Arabako hiriburuko alde zaharreko festen barruan egingo dira.

Erizo gasteiztarrak 2006tik 2012ra bitarte aritu ziren kontzertuak egiten eta diskoak grabatzen. Orotara, hiru lan grabatu zituzten: 2008an argitaratu zuten Disparando a Perros estreinako lana; bi urte geroago, No Mientes la Bicha iritsi zen; eta, azkenik, 2012an, azken grabazioa, Tres.

Hirukotearen doinuetan Mission Of Burma edo Hüsker Dü punk talde klasikoen eragina nabaritzen den arren, soinu garaikidea duen taldea da eta, besteak beste, Shellac, Sugar, Nueva Vulcano, Inoren Ero Ni edo The Constantines banden diskoak entzuten dituzte.

El Toro y La Niña del Frenesí bikotea Doctor Deseo taldeko Aitor Aguiriano (gitarra) eta Virginia Fernández (ahotsa) musikariek osatzen dute. Euren errepertorioan soul doinuak eta rock-and-roll erritmoak uztartzen dituzte, hala nola, Billie Holidayk ezagun egin zuen Summertime edo AC/DC eta Los Enemigosen kantuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button