MUSIKA

GazteTalent lehiaketaren irabazleak

Araban bizi, ikasi edo lan egiten duten gazteek, 15 urtetik 35era bitartekoek, eratutako musika-taldeei zuzendutako ekimena da GazteTalent, Gasteizko Jimmy Jazz aretoak, Arabako Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak antolatua.

Aurtengo irabazleak hauxek izan dira: Gazte Talent saria (14-24): Mehatxu. Gasteizen errotutako metal taldea da, Aitzolek, Anderrek eta Pablok osatzen dutena. “Hiruretako bik, elkarrekin bizitzen ari  ginela-eta, egunerokotasunean konpartitzen genituen influentzia, kezka  eta grinetan oinarrituta ernaltzen hasi zen proiektua. Denbora apur bat  pasata lagun dugun hirugarren kideari ideia planteatu genionean hartu  zuen taldeak egun daukan forma. Duela urte eta erdi ekin genion abestiak konposatzeari eta egite horretan dihardu taldeak. Baina ez da soilik lokalean sortzen den harremanetik ureztatzen, baizik eta egunean egun, konpartitzen dugun mundua ikusi eta ulertzeko moduak ere elikatzen du  gure proiektua. Beraz gurea musika egiteko eta entzuteko modu horrek  (beste gauza askotaz aparte) zeharkatzen duen familia edo lagun taldea  dela esan genezake.”

Laboral Kutxa Gazte Talent saria (25-35): Annekdotas. Anne Rodriguez pandemia aurretik hasi zen Annekdotas bakarkako proiektuarekin. Hiriko musika ekoizten du, rap musika oinarri hartuta, baina reggaeton, dembow edo trap eraginak ere nabarmentzen dira. Anne bere lekua eta bere jendea lortzen ari da, berak nahi duen eszenan, bere letretan gaurkotasuneko gai gisa esperientzia pertsonalak era berean jorratuz, oraindik ere ahotsa jarri behar zaien errealitate gordin batzuk salatuz, euskaraz zein gaztelaniaz”.

Accesita emakume talde edo bakarlari onenarentzat: Kitzika. 2020an sortutako talde Irundarra da, neska mutil gazteez sortua. Rock musikaren bueltan ibiltzen diren doinu mugituak zein lasaiak jorratzen dituen taldea da.

Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: Mirotz. “17 eta 20 urteko hiru neska-mutilak gara rock  alternatiboa egiten dugu. Soinuak nahasten saiatzen gara eta geure  soinua lortzen saiatzen gara. Mirotz bi anaiek osatzen dugu, Markelek  (Bateria) eta Aritzek (Gitarra eta Ahotsa), eta Martinek (Baxua). Bi  hilabete baino ez daramatzagu elkarrekin musika egiten, baina denbora  gutxian aurrerapen dezente lortu dugu.”

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button