MUSIKA

Gasteizko jazz jaialdiak Miles Davis omenduko du

Gasteizko 35. Jazz Jaialdiak biharko atondu duen emanaldia oso berezia izango da. Izan ere, hiru musikari handi bilduko ditu Miles Davis jazz mitoa omentzeko asmoz: Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller. Kontzertua 21:00etan hasiko da.

Aurtengo Gasteizko Jazz Jaialdiaren egitarauko hitzordurik garrantzitsuena izango da biharkoa ezbairik gabe. Izan ere, Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller musikariek osaturiko hirukoteak Miles Davis musikaria omenduko du, tronpeta jotzailearen heriotzaren 20.urteurrenaren harira. Kontzertu horrekin, gainera, jaialdiaren aurtengo edizioa amaituko da.

Herbie Hancock musikaria oso ezaguna jazz eta, oro har, musika munduan bere lehendabiziko lanean, Talking Off (1962), Watermelon Man doinu ospetsua jaso zuelako. Horrez gain, jazzaren historian izan den talde garrantzitsuenetariko batean parte hartu zuen Wayne Shorter, Ron Carter eta Tony Williams musikariekin batera, Miles Davisen Boskotean, hain zuzen ere.

Boskote horretako taldekide izan zen Wayne Shorter saxo-jotzailea ere biharko emanaldian izango da. Jazz Messengers taldearen zuzendari musikala izan zen 1959tik 1964ra bitartean.

Hirukiaren hirugarren erpina Marcus Miller baxu jotzaileak osatuko du. Miller Miles Davisen taldekoa izan zen urte eta erdiz. Horrez gain, Tutu izeneko diskoan egin zuten lan elkarrekin, baita Siesta filmaren soinu bandan ere. Miller-ek zuzenduko du, hain zuzen ere, biharko emanaldia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button