MUSIKA

Angel Unzu eta Txuma Murugarren, batera eta sendo

Ganbara taldean aritutako Angel Unzuk eta Txuma Murugarrenek (Sasoi Ilunak) 14 abesti eta hamahiru istorio txiki (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko lana argitaratu dute elkarlanean.

Grabazioaren hazia 2000 urtean erein zuten; izan ere, Unzuk kantu batzuk erakutsi zizkion Txumari hitzak egin zitzan. Txuma, baina, bere bakarkako ibilbidean murgilduta zegoen, Sasoi Ilunak bandaren abentura burutu ostean. Zoriz edo, duela hilabete batzuk grabazio zahar horiek aurkitu zituen Unzuk; hala, kasetea hartu, eta Murugarreni eraman zion. Bigarren saiakera horren emaitza da 14 abesti eta hamahiru istorio txiki.

Diskoak pop-rock generoko kantu sendoak biltzen ditu, David Gorospe (bateria) eta Joanes Ederra (baxu) oinarriari ondo lotutakoak, eta Rafa Acevesen teklatuekin jantzita; alabaina, bestelako sonoritateak ere jorratu ditu boskoteak: jazz kutsuko Bihotza Unaturik iluna, edo bossa giroan bustitako duen Larruazal Lehorra, besteak beste.

Kantuak eta konponketak Unzuk egin ditu, eta doinuok grabatzeko Koba Estudioan sartu ziren Xanpe teknikariarekin, 2013ko irailean.

“Paul’s Mood”

Bestalde, Paul San Martin jazz estiloko piano jotzaile donostiarrak Paul’s Mood (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko bigarren lana aurkeztuko du gaur, azaroak 22, Gipuzkoako Alde Zaharreko liburutegiko sotoan, 11:00etan.

Piano jotzaileak, 14 doinu klasikoren moldaketak bildu ditu grabazio berri honetan, bakarrik; alegia, pianoaren eta ahotsaren laguntzarekin. Jasotako kantuen artean, jazz eta blues klasiko asko daude; hala nola, Hallelujah I Love Her So (Ray Charles); I Almost Lost My Mind (Ivory Joe Hunter) eta Dany Boy (Frederick Weatherly). San Martinek, baina, bere ukitua ere eman nahi izan dio kantu propio batekin; hain zuzen ere, grabazioari izenburua ematen dion Paul’s Mood.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button