MUSIKA

Uztaileko ostegunetan “Laboaren Uztaila” ekimena, Usurbilen

Uztaileko ostegunetan, eta gaur hasita, Laboaren Uztaila musika emanaldiak izango dira Usurbil herriko Mikel Laboa plazan. Emanaldi guztietan euskaraz abesten duten taldeen kontzertuak programatu dira, eta 22:00etan hasiko dira. Ekimen hau, “egungo musika talde eta bakarlari euskaldunak ezagutarazteko eta Mikel Laboa omentzeko helburuarekin egiten da”.

Gaur berton abiatuko da ekimena eMe taldearekin. 2016an Usurbilen sortutako musika taldea da eta Nora Izagirrek (ahotsa), Ruben Caballero (gitarrak, baxua, programazioak) eta Haritz Arreguyk (gitarrak, programazioak) osatzen dute.

Datorren astean, uztailak 11, Satelitik taldearen txanda izango da.  Satelitik taldea Le Trois Satelite taldearen osteko formazio berria da. Egiten duen musika akustikoa da, eta akordeoia eta kontrabaxua protagonista dira haizatzen dituen soinuetan.

Uztailaren 18an, Pelax arituko da. Unai Pelayo donostiarraren egitasmoa da Pelax. Stoner, blues eta psikodelia zertzeladekin apaindutako rock sendoa egiten du. Aurtengo maiatzean bere azken diskoa plazaratu du.

Azken egunean, uztailaren 25ean, Miren Narbaiza (MICE) hurbilduko da Usurbilera. Bere lehen lanean zortzi kantu, zortziak bereziak, plazaratu ditu. “Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa”.
Napoka Irian hasi zen Miren musikaren munduan, Ander Mujikarekin batera makina bat kontzertu, bost argitalpen eta hamaika bizipen konpartituz. Ordutik ez da geldi egon, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split taldeetan ere aritu da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button