MUSIKA

Gasteizko Jazzaldiak bere 44. edizioa egingo du egunotan

Gasteizko Jazzaldiak bere 44. edizioa abian jarriko du uztailaren 14tik 18ra bitartean, pandemiak joan den urteko ekimena zapuztu ostean. Aste honetako kontzertuak, goizean eta iluntzean, Iradier Arena agertokian izango dira. Horretaz gain, Principal antzokiak arratsaldeetako kontzertuak ere hartuko ditu.

Makina bat taldek hartuko dute parte jazzaldi horretan, eta aipaturiko Iradier Arenan hiriko eta inguruko musika eskolek ere tokia izango dute, bai eta jazzaren munduan lekua egiten ari diren talde gazteek ere. Eta gauean ere emankizun bikoitza egingo da.

2021erako egitarauan, Jazzaldiak aurreko urterako aurreikusitako bi izen mantendu ditu: Anne Paceo eta Antonio Sanchez. Itamar Borochoven tronpetista israeldarrak ere parte hartuko du. Bihar bertan izango de bere kontzertua. Bere ostean Atlantic Bridge musika proiektua zertan den ikusteko aukera egongo da.
Kathrine Windfeld piano-jotzaile daniarrak uztailaren 16an joko du Iradier Arenako agertokian. Eta egun horretako gaua ixteko Europako jazzaren erreferente den piano-jotzaileetako baten emanaldia egongo da: Moises P. Sanchez. Eta Sçanchez da, hain zuzen, Al Toque hirukotearen kideetako bat. Pablo Martín Caminero gasteiztarra buru duen hirukote horrek hilaren 15eko saioa irekiko du flamenkoa eta jazza uztartzen dituen proposamen indartsu batekin. Thumbscrew talde iparramerikarrak itxiko du gaua, egungo hirukote berritzaileenetako batek, Mary Halvorsonen gitarra abangoardistarekin.

Jazzaldiak Principal antzokiko agertokia ere berreskuratuko du aurten, eta Miguel Salvador Bilboko gitarra-jotzaileak irekiko du kontzertu-zikloa hilaren 14an, asteazkenean. Hurrengo egunean Gonzalo del Val bateria-jotzailearen txanda izango da. Perico Sambeat, Javier Colina eta Marc Miraltaren CMS Trío taldea hilaren 16an arituko da, eta hurrengo egunean Lucia Martinez musikariaren The Fearless bandak hartuko du lekukoa.

Igandean, 44. edizioa ixteko, programako emanaldi nagusia egingo da Maciej Obara laukotearen eskutik.

Hori eta gehiago Gasteizko Jazzaldian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button