MUSIKA

Placebo, Metronomy eta Stromae, Big Festival jaialdian

Asteazkenean, uztailak 16, hasi eta igandean, uztailak 20, amaituko da Miarritzeko Big Festival jaialdiaren seigarren edizioa; aurtengo izen handienak Placebo, Metronomy eta Stromae belgikarra izango dira. Jaialdian askotariko estiloak entzungo dira: rock, indie, elektronika… guztira, 40 talde baino gehiago.

Bada, Placebo eta Metronomy ostiralean, uztailak 18, izango dira Big Live-Aguilera eszenatokian, 20:00etatik aurrera. Eszenatoki berean, Yodelice, Fauve eta Willis Drummond ere izango dira.
Londres hiriko Placebo banda ezagunak Loud Like Love diskoa aurkeztuko du. Metronomy ere ingelesak dira, eta elektronika eta pop erritmoak uztartzen dituzte euren kantuetan; Miarritzen The English Riviera diskoko doinuak haizatuko dituzte.

Bestalde, ekimeneko kartel-buru Stromae (Paul van Haver) musikari arrakastatsua da, gurean gutxi aritu den arren, izan ere, oso ezaguna da Belgikan eta Frantzian. Stromaek larunbatean, uztailak 19, joko du. Orain arte bi disko plazaratu ditu: Cheese eta Racine carrée.

Jaialdia asteazkenean hasiko da, Jabberwocky, Lespark, Tample eta Belakoren eskutik; mungiarrek oraintsu kaleratu dituzten AAAA!!!! eta Bele Beltzak Baino Ez EPak eramango dituzte Miarritzera.

Informazio guztia: bigfest.fr.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button